Torreagaberriko etxebizitzen hitzarmena onartu du Udal Plenoak

Baleike 2018ko ira. 28a, 13:22
Torreagan eraiki nahi diren etxebizitzen irudia.

Atzoko osoko bilkuran behin behinean onartu zen Torreagaberrin etxebizitzak egiteko Udal Gobernuak aurkeztutako hitzarmena. EH Bilduk Alokairu Bekaren programari gehitu nahi zizkion bi proposamenak ere aurrera atera ziren. 

Torreagako orubean etxebizitza berriak eraikitzeko hitzarmena onartu zen atzoko ohiko plenoan. EAJ-PNV, PSE-EE eta Jon Iraolaren aldeko botoekin atera zen aurrera hitzarmena. Hitzarmen horrekin, guztira, 250 etxebizitza egingo dira Torreagaberrin: 50 babes ofizialeko, 50 tasatu eta 150 libre. Oier Korta alkateak azaldu zuenez, “guretzat hitzarmen hau garrantzitsua da, izan ere, babes ofizialeko etxeak eremu honetan egingo dira. Bere garaian gai honi heldu zitzaionean, Puntanuetan egitekoak ziren. Baina orain, hitzarmen berriari esker, denak Torreagaberrin egingo dira”. EH Bilduk, aldiz, abstentzioa eman zuen. Josu Arrieta EH Bilduko zinegotziaren arabera, “babes ofizialeko etxe gehiago lortzeko aukera dago, baina hitzarmena ez dugu oztopatu nahi, beraz, abstenitu egingo gara”.

Hirigintzarekin jarraituz, hondartzetako erabilpena arautzen duen ordenantzari behin betiko onarpena eman zitzaion. Gainera, pertsonalari zegokion atalean, Estatuko aurrekontu orokorraren 6/2018 legeak dioen moduan, Zumaiako Udaleko zein kirol patronatuko langileen ordainsarien igoera onartu da; hau da, ekainera arte %1,5 eta uztailetik aurrera % 1,75.

Proposamenen atalean, berriz, aho batez onartu zen EH Bilduk hondartzetako sorospen zerbitzuari buruz aurkeztu zuena. Taldearen iritziz, Gipuzkoako sorosle zerbitzua Aldundiak kudeatu beharko luke. “Behin kudeaketa hori hartuta, kontratazioak ere Aldunditik egin beharko lirateke”, esan zuen Alex Oliden zinegotziak. Alkateak bere aldetik adierazi zuen dagoeneko eskaera hori lantzen ari direla Aldundian: “Kostako herriekin elkarlanean ‘Hondartzen Kudeaketa Integrala Mahaia’ izeneko lantaldean ari gara gai horrekin”.

Alokairu bekan aldaketak

Alokairuen Bekari bi hobekuntza gehitzea izan zen EHBilduk aurkeztu zuen beste proposamena. Alde batetik alokairuaren gehienekoa 600 eurotik 700era igotzea; bestetik, errolda epea 10 urtetik 2 urtera jaistea. “Gure ustez, Zumaiako alokairuaren errealitatea ez dator bat beka honek muga bezala jarrita duen diru kopuruarekin, hau da, 600 eurorekin. Horregatik, 700 eurotara igotzea eskatzen dugu. Bide batez, gazte gehiagori laguntzeko beraien emantzipazio prozesuan, errolda epea 2 urtekoa izatea proposatzen dugu”, azaldu zuen Arritxu Iribarrek. 

Arritxu Marañon, PSE-EEko zinegotziak bat egin zuen proposamenarekin. “Orokorrean ados nago programa horrekin, baina errolda epea jaistea garrantzitsutzat jotzen dut, horregatik baiezkoa emango diot EH Bilduren proposamenari”, esan zuen. 

Udal Gobernuaren iritziz, ordea, “programa honen sortzaileak gu gara eta aitzindariak gara autonomia erkidegoan. Beka honek norbanakoari eragiten dio eta pisuak partekatzeari eta ikasleei bultzada emateko helburua du. Honi esker, alokairu gastuen %75a arte estali daiteke. Beka martxan jarri zenean Zumaiako alokairu merkatuaren azterketa sakona egin zen eta 600 euro edo gutxiagotik etxeak badaudela ondorioztatu genuen. Gaur egun, alokairu beka ez den bestelako laguntza soziala jasotzen duten 85 etxebizitza daude alokairuan Zumaian, eta horietatik %85, 600 euro baino merkeagoko alokairua dute”. Horrez gain, kezka bat azaldu nahi izan zuen alkateak: “beldur gara errolda epearen jaitsierak inguruko gazteak erakarri, eta gazte zumaiarren lehentasuna albo batera uztea. Gainera, alokairuaren prezio mugaren igoerarekin etxebizitzen jabeek etekina aterako ote duten ardura dugu, horrek, merkatuan prezio igoera eraginez”.

Azkenik, EH Bildu, PSE-EE eta Jon Iraolaren aldeko botoekin, eta EAJ-PNVren abstentzioarekin aurrera atera ziren EH Bilduk aurkeztutako bi hobekuntzak.

Baleikeren zuzenketa

Joan den irailaren 19an Udalak Estazio zaharra erosteko duen asmoari buruzko albistea argitaratu genuen Baleike.eus-en (hemen). Albisteak, besteak beste, horrela zioen: "Turismo bulegoa eta Algorri Interpretazio Zentroaren zerbitzu osagarria kokatzea da Zumaiako Udalaren nahia".

Atzoko udal plenoan EHBilduk azalpenak eskatu zituen, proposamen hori Udalarena baino Udal Gobernuarena dela zehaztuz. Gaiaren inguruan Udalak bidali zuen prentsa oharra aztertu dugu Baleikeko erredakzioan, eta onartu behar dugu kasu honetan akatsa Baleikerena izan dela, oharrak garbi azaltzen baitzuen proposamena Udal Gobernuarena dela. Oharrak, zehazki, horrela zioen: "Gobernu taldearen proposamena da aipatu eraikinean turismo bulegoa eta Algorri Interpretazio Zentroaren zerbitzu osagarria kokatzea".

Beraz, akatsa aitortu eta barkamena eskatu nahi dugu sortutako nahasmenagatik.