Kalparsororen heriotzak argitu gabe jarraitzen duela gogoratuko dute asteburuan

Baleike 2018ko ira. 26a, 15:45

Ostiralean hasi eta igandera arte, ekitaldi ugari antolatu dituzte haren senitartekoek eta herritarrek. Igandean egingo dute ekitaldi nagusia, 13:00etan Aita Mari zineman

Hogeita bost urte joan dira Xabier Kalparsoro gaztea hil zenetik. Oraindik bere heriotzak argitu gabe jarraitzen duela gogoratzeko eta egia «itzaletik argira ateratzeko» garaia dela aldarrikatzeko, ekitaldi ugari antolatu dituzte Zumaian haren senideek eta zenbait herritarrek.

1993ko irailaren 23an udaltzainek Durangon atxilotu zuten; handik, Indautxuko polizia etxera eraman zuten, eta ondoren erietxera, koma egoeran. Bertsio ofizialaren arabera, polizia etxeko leiho batetik bota zuen bere burua. Handik bi egunera hil zen, 1993ko irailaren 26an. Nolanahi ere, gerora argitara atera ziren hainbat datuk kontraesanak azalerazi zituen bertsio ofizialean. Hala, tortura eta poliziaren indarkeria salatu zuten Kalparsororen gertukoek.

«Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, egileen inpunitatea gailendu da juridikoki», azaldu dute antolatzaileek. Horrez gain, gaineratu dute inorrek ez duela egindakoa aitortu, ezta ordaindu ere. Duela hiru urte Eusko Jaurlaritzak argitaratutako txostenak Kalparsororen heriotza gehiago ikertu beharreko kasuen artean dagoela zehaztu arren, ezer egin ez izana salatu dute. Iaz hil zen Maite Golmaio Xabier Kalparsororen ama, eta Golmaioren kasuan «berandu» izango den arren, egia aitortzea nahi dutela adierazi dute.

Hainbat zumaiar aritu dira heriotzaren 25. urteurrena antolatzen, senitartekoekin batera. Haien hitzetan, gordina da errealitatea: «Herritarrek egiten ez badugu, ez du inork egingo». Instituzioek kasuaren aurrean izandako jarrera salatu dute: «Herri mailan ere, 25 urteren ondoren, kasu hau oharkabean pasako litzateke». Aurrera begira jartzeko, gertatuakoa kontatzean dago gakoa antolatzaileentzat; ez zauriak gehiago irekitzeko, leuntzeko baizik.

Egoera politikoa aldatu dela iruditzen zaie, «sufrimendu guztiarekin amaitu ez den arren». Kasuan eragile eta agintari ugari dagoela uste dute, besteak beste, «Eusko Jaurlaritzan zeudenetatik hasi eta Madrileraino». Kalparsorok berak gutun baten bidez Ertzaintzaren ezkutuko galdeketak eta torturak salatu zituela gogoratu dute, «polizia espainiarraren kalabozoetan hil aurretik». Egia aitortua izateko aldarria hauspotu nahi dute urteurrenaren bitartez.

Egitaraua

Irailak 28, ostirala
20:00. ‘Anuken Egia’ dokumentalaren emanaldia eta solasaldia, Torreberri gaztetxean.

Irailak 29, larunbata
13:00. Urteroko lore eskaintza, labarrean.
Ondoren, Inpernupeko joareak.
14:30. Herri bazkaria.
Bazkalondoren, Ainubeko Troba (Silvio Rodriguezen bertsioak).
20:00. ‘Denak etxera!’ maindire ilara, Magnolioan.
22:30. Skabidean, El sonido de la metralla eta Panico musika taldeen kontzertuak, Torreberri gaztetxean.

Irailak 30, igandea
13:00. Ekitaldi nagusia, Aita Mari zineman.