1983ko Kontxako Banderaren benetako historia

Karmelo Larburu 2018ko ira. 26a, 08:59
Kaikuk, Zumaiak, Castrok, Fortunak eta PedreƱak ontziak gurutzatu egin zituzten irteeran.

Denborak gauzak lausotu egiten ditu, eta geroko garbi jasota geratzeko, nik, Karmelo Larburuk, estropada hartan Zumaiaren delegatu Luis Mari Goikoetxearekin batera, idatziz jasota utzi nahi dut 1983ko Kontxako Banderarekin benetan gertatutakoa.

Kanporaketa jokatu behar zen. Ur Kirolak sailkatuta zegoen ordurako (donostiarren arteko kanporaketan garaile), eta harekin batera Kontxako azken estropadetan zein beste zazpi talde irtengo ziren zegoen jokoan.

Itsasoa ikusgarri zegoen, olatuengatik eta zebilen haizearengatik, eta arraunlarientzat arriskutsu pixka bat ere bazegoen. Zalantza ugari izan ziren, baina azkenean estropadari hasiera eman zitzaion eta traineruak banan-banan irteten hasi ziren, minutuko tartearekin, aurretik egindako zozketaren arabera.

Berehala egiaztatu genuen nolako zailtasunak zituzten traineruek olatuen artean aurrera egiteko, eta ikusi genuen nola hondoratu ziren Hernani, Zierbena, Astillero eta Getaria; beste batzuk, berriz, atzean geratzen ziren, geroago irtendakoek aurrea hartuta. Laburbilduz, irudiak ikaragarriak ziren, baina azkenean epaileek ontzat eman zuten estropada, baita denbora estraofizialak eman ere (horrela jaso ohi ziren), eta denbora haiek bat zetozen delegatuek, prentsak eta irratiek hartutakoekin.

Hona hemen helmugan epaileek emandako denborak:

Hondarribia  24:38.5
Donostia.     24:30.0
Castro         24:21.2
Fortuna       25:04.9
Kaiku          23:44.2
Pedreña      24:25.3
Zumaia       24:23.0
Orio            25:05.8
Koxtape      23:54.3

Gero polemikaren erdian egon zirenen denborak baino ez ditut jaso hor.

Orio kanpoan

Hor hasi zen drama, Orio ez baitzegoen sailkatuen artean. Ikustekoa zen haien delegatuen aurpegiera, eta nola egiten zuten negar arraunlariek Aquariumeko arranplan.

Horren ondoren, Moilako kasetara joan ginen (hau da, behin betiko sailkapena eman eta igandeko estropadaren txandak zozkatzeko lekura), bidean delegatuok estropadaren gorabeherez hizketan.

Irten ziren epaileak eta estropadaren arduradunak, eman zizkiguten denborak, eta hara non ikusi genuen ez zetozela bat helmugan lehen delegatuoi eman zizkigutenekin. Horrela, ikusi genuen Orio sailkatu egin zutela, Pedreñaren eta Fortunaren kaltetan.

Hona hemen epaileek emandako behin betiko denbora ofizialak:

Kaiku            23:44.3
Koxtape        23:54.3
Castro          24:21.3
Zumaia        24:22.9
Donostia      24:30.3
Hondarribia  24:38.5
Orio             25:03.8
Fortuna        25:04.8
Pedreña       25:26.3

Ikus daitekeenez, ez zuten amarru handirik egin behar izan Orio sartzeko. Erraza zen: Pedreñari minutu bat gehitzea eta Oriori bi segundo kentzea, sailkapenean Fortunari aurrea hatzeko.

Erraza da imajinatzea zenbateko zalaparta sortu zuen erabaki hark, baina eutsi egiten zieten denborei, ez zuten aldatzen emandako sailkapena. Orioko delegatuei azalpenak eskatu genizkien, baina haiek hauxe zioten, besterik ez: “Guri esan digute gu barruan gaudela”.

Nahaspila eta haserre orokor hartan, txandak zozketatu ziren, eta honela geratu ziren:

1. txanda.- Kaiku, Castro, Zumaia eta Orio

2. txanda.- Koxtape, Donostia, Hondarribia eta Ur Kirolak.

Barrua bero-bero eta asaldatuta, etxera joan ginen, baina aurretik beste tripulazioeki hitzordua jarri genuen, bidegabekeria handi hari konponbide bat bilatzeko.

Konponbide bila

Lehen harremana Hondarribia, Koxtape eta Donostiarekin izan zen, eta haien jarrera izan zen sailkatuta zeudela eta ez zeukatela asmorik ezer egiteko antolatzaileek erabakitakoaren kontra. Garai hartan, sailkatze hutsa garaipen handia zen haientzat, beste garai bat zen.

Egoera horren aurrean, gainerako tripulazioek estropadaren arduradunekin harremanetan jarri ziren akordio bat lortzeko asmotan, baina ezinezkoa izan zen, gogor eusten ziotelako erabakiari.

Horrela, iritsi ginen igandera, eta balizen zozketa egin ondoren, lehen txandako ontziei dei egin zieten; orduan, Kaikuk, Zumaiak, Castrok, Fortunak eta Pedreñak ontziak gurutzatu egin zituzten irteeran, eta ezinezkoa zen estropada hastea.

Estropadaren estamentuekin elkarrizketa asko (bezain alferrikakoak) izan ondoren, epaileek erabaki zuten estropada bertan behera uztea, hurrengo bat arte.

Bereziki nabarmentzekoa Altxerri eta bere tripulazioaren irudia, beraien balizan mugitu ere egin gabe, ontziez inguratuta. Zer izango zuten buruan arraunlari haiek, une hartan? Izan ere, ondotxo zekiten ez zegokiela han egotea.

Halaber, nabarmendu beharra dago estropadako epaile talde osoak dimititu egin zuela, gauzak hain garbi eta nabarmen ikusita, eta ez haiek ez ziren kaltetuen aldekoak, ez horixe.

Estropada bertan behera geratu ondoren, atzera elkarrizketak izan ziren Udaletxean, eta ikusita ez zeudela ezer ere adosteko, eragindako ontziek ultimatuma jarri zuten mahai gainean: 3 txanda, Pedreña eta Fortuna sartuta (baita Orio ere, noski), eta sarien zenbatekoa handitu gabe. Proposamen hura bidezkoa iruditzen zitzaigun egoera hari konponbide duina emateko.

Berriz ere EZEZKOA jaso genuen, biribila, eta esan dezakegu han amaitu zirela 1983ko Kontxako Bandera duina izateko aukera guztiak.

Aipatzekoa da, baita ere, hedabideen papera; izan ere, ostegunean kaltetuak defendatu zituzten, baina gero egurra eman zieten plantoa egin zutenei, Donostiaren egoa eta beraien estropadari lehentasuna eman zioten, kirolaren duintasunaren gainetik.

Aste horretan Aguirre Franco jauna behin eta berriz saiatu zen klubekin elkartuta, baina akordioa ezinezkoa zen hark planteatzen zituen baldintzekin.

Estropada Castron

Klubetako askok ikusi zutenean estropadan ez zutela parte hartuko eta urte hartan uholdeak izan zirenez Bilbon eta beste leku batzuetan, erabaki zuten Castron estropada bat antolatzea Kontxara joateari uko egin zioten tripulazioekin eta beste ontziren batekin, eta Uholdeen Bandera izena eman zitzaion. 

Iritsi zen igandea eta ikusgarria izan zen, bai jendearen erantzunagatik, bai itsasoaren egoerarengatik, guztiak are ederragoa egin baitzuen. Zumaiak irabazi zuen, baina hori anekdota hutsa izan zen, garrantzitsuena jendetza haren elkartasuna izan baitzen.

Hainbesteko arrakasta izan zuen estropadak, dirutza jaso zen, eta kopuru hura oso garrantzitsua izan zen uholdeek kaltetutako probintzietako aldundientzat, haiei eman zitzaien eta.

Bien bitartean, Donostian berriz ere bertan behera geratu zen lehen jardunaldia, itsasoa zakar zegoelako (baina mihi gaiztoek diote beste arrazoi batzuengatik izan zela). Azkenean, astegun batean jokatu zen, eta Oriok irabazi zuen; horrela, 1983ko Kontxako Bandera irabazi zuen; nola irabazi, alajaina: sailkatu ere egin gabe.

Zer gertatu zen ikusita, Orio ez zuten gonbidatu estropadaren batera (batez ere Kantabriara), bere jarrerarengatik, eta joaten zen lekuetan hori aurpegiratzen zioten.

Gero, han etorri ziren zigorrak eta gainerakoak, baina kiroltasunez men egin genien. Jende askok (baita gure herrian ere) ez zuen eta ez du ulertzen irabazteko aukera handiak izanda nola egin genuen planto geuk ere. Baina arestian esan dudan bezala, klubak lehentasuna eman zion duintasunari, eta ez hainbeste aspalditik amesten zuen banderari. Gero, 1984an, Kontxako bandera irabazteko zoriona izan genuen (Zumaiaren lehena historian), denboraldi gogoangarri hartan, eta kostako da emaitza haiek hobetzea.

Hau da (eta ez beste bat) 1983ko Kontxako Banderan gertatutakoaren benetako historia, eta Orio Arraunketa Elkarteak ez luke oso harro egon behar horregatik; izan ere, gure arraun kirol maiteko txapeldun handiak eta ikonoak izanda, zaila da ulertzen nola jartzen duten beraien prestigioa zalantzan bandera bat dela eta (nahiz eta Kontxakoa izan), eta are ulergaitzagoa da Donostiako Udalarena, nola utzi zuen hainbesteko bidegabekeria egiten.