Isaak Aranberri: “Eskolako proiektuarekin bat zetorren izen bat jarri nahi genuen”

Baleike 2018ko ira. 25a, 09:12

Zumaiena ikastetxearen hasiera ekitaldia ospatuko da gaur arratsaldean bertako areto nagusian, 18:30ean. Gonbidapen guztiak agortuta, Lucia Lacarra dantzari ezagunak hartuko du parte ekitaldian. Zumaiena ikastetxeko zuzendaria den Isaak Aranberrirekin hitz egin dugu.

2018-2019 ikasturtea izen berriarekin hasi duzue. Zergatik dator aldaketa hau?

Maria eta Jose ikastetxea duela 147 urte jarritako izen bat da. Garaiak aldatu egiten dira, eta horrekin batera, eskolako familia batzuek izenaren inguruan aldaketa eskatzen zuten. Iaz arte karmeldarrak hemen bizi ziren eta eskolako etorkizuna oraindik ere beraien esku zegoen. Baina azaroan joan egin ziren eta eskolako giltza bertan utzi zuten langileentzat eta familientzat. Giltza emate hori momentu historiko bat izan zen, eta izenaren inguruan eskari bat zegoela ikusita, langile eta guraso elkartearen artean barne hausnarketa bat egin zen. Ondorio argi batera iritsi ginen: izenaren aldaketa aurrera ateratzeko, beti ere proiektuarekin bat zetorren izena izan behar zuen. Eta beno, hor sortu da Zumaiena.

 Zergatik izen hori eta zer esanahi du?

Izenaren lanketa prozesuan murgildu ginenean, zentzua zuen bat bilatzen hasi ginen. Horrela, herriko toponimian Zumaiena hitza aurkitu genuen. Izenaren inguruan informazioa bilatzen egon ginen, eta nahiz eta askorik ez egon, idatzi zahar batzuk aurkitu genituen. 1348an esaterako, Santiago eta Zuloaga inguruko padurak Zumaiena bezala ezagutzen ziren. 30 urte beranduago, aldiz, Santiago izenarekin agertzen ziren dokumentuetan. Getaria eta Zumaia arteko muga ere hor aurkitzen da eta padurak Zumaiakoak ziren. Hortik dator beraz, Zumaiena. Herriko sustraietara eramaten duen izen bat da; esanahi eta zentzu batekin. Zeinen eskola da? Zeinek kudeatuko du? Zumaiarrek, beraz, Zumaiena jartzea adostu genuen.

 Zein harrera izan du izenak?

Orokorrean oso ona. Egia da familia batzuk galdetu egin dutela zergatik eman den izen aldaketa. Baina momentu historiko honetan gaudela eta eskolako aldaketa ikusita, ontzat ikusi da. Guraso elkartea ere presente egon da izen aldaketaren prozesuan eta garrantzitsutzat jo dugu hori. Egungo eskola egiteko moduan guraso eskolaren lana berebizikoa da eta erabakietan hor izango da. Karmeldarrak ere ados agertu dira izen aldaketarekin.

Izena aldatu duzue, baina ikastetxearen filosofia azken urteetako berdina izaten jarraituko du.

Eskolako metodologia berriaren apustua duela urte batzuk egin zen. Beste lan lerro bat hartu genuen; eskola egiteko modu tradizionaletik haratago joatea eta eskola ezberdin bat egitea. Gure asmoa eskola eraldatzaile bat bihurtzea zen, gizarteko ezaugarrietara moldatua. Lehen esan moduan, bide hori duela zazpi bat urte hartu genuen. Orain, karmeldarrak joatean, eskola gure eskuetan utzi dute. Hemendik aurrera erabakiak hartu eta horiek kudeatu bertan egingo ditugu. Hain zuzen hori da aldarrikatzen duguna: Zumaian sortu eta garatuko den proiektu bat izango dela.

Zein egoeratan dago eskola?

Karmeldarrek fundazio zibil bat sortu dute, eta gure ikastetxea bertan sustengatuko da juridikoki. Fundazio horren barruan, karmeldarrak diren eskolak autonomia guztia izango dute beraien funtzionamenduarekin jarraitzeko. Askatasun osoa izango da erabaki guztiak eskolan bertan hartzeko gure langile eta familiekin. Fundazioaren arau eta oinarrietan ongi finkatu da hori. Momentu honetan fundaziorako aldaketa horretan gaude.

Hasiera ekitaldia ospatuko duzue arratsaldean. Nolakoa izango da?

Momentu historiko bat da guretzat eta familia eta ikasleekin osatutako proiektu bat dela adierazi nahi dugu. Horregatik ekitaldi parte hartzailea izango da. Horretaz gain, une ofizialak egongo dira eskolaren nondik norakoak kontatuz, eta nola ez, arteak ere izango du bere lekua Lucia Lacarrari esker. Gure ikasle ohia, mundu guztian ibili den pertsona bat da. Hasiera ekitaldian parte hartuko lukeen galdetu genion eta baiezkoa eman zigun. Gainera erraztasun guztiak eman dizkigu eta eskertzekoa da. Berarekin izango dira, gainera, Iker Morillo eta Josue Ullate dantzariak.

Ikasleek entseguak ikusteko aukera izan dute.

Bai, hala da.Garrantzitsua iruditzen zaigu ikasleek ikustea zer den dantzaren diziplina, esfortzua, konstantzia, lana... Balore batzuen lanketa bat dago horren atzean eta interesgarria da ikasleek hori ezagutzea. Gainera galderak egiteko aukera ere izan dute.

Ekitaldirako gonbidapenak ere amaitu dira.

Gure asmoa zen eskolako familiei eman ondoren, herritarren artean banatzea. Baina ostegunerako sarrera guztiak bukatu ziren. Familien aldetik erantzun handia izan da eta azkenean ezin izan dugu herrian gehiago zabaldu.

Berezia izango da zuentzat, ezta?

Bai, bihotzez eta ilusio askorekin prestatu dugu, eta bidez batez eskerrak eman nahi dizkiot guraso elkarteari egiten ari den esfortzu guztiarengatik. Azkenean eraldaketa guzti honetan konpromezua eskatu zitzaion eta erantzuten ari da.