Zer egin dezaket nik energia berriztagarriak erabili eta gutxiago kontsumitzeko?

Baleike 2018ko ira. 22a, 12:53
Energia Azoka zabalik dago Beheko plazan, 14:00ak arte.

Energia aurrezteko eta energia berriztagarriak erabiltzeko dauzkagun aukerak ezagutu daitezke Beheko plazan martxan dagoen Energia Azokan, 14:00ak arte.

Jakin badakigu gure planeta hau sufritzen ari den klima aldaketak ez dakarrela ondorio onik, eta gu geu garela horren erantzule. Oso ondo ez dakiguna da, gure eguneroko bizitzan, zer egin dezakegun amildegira garamatzan joera horri buelta emateko. Beheko plazan martxan dagoen Energia Azoka aukera ona da galderak egin eta argibideak jasotzeko. 

Eguzki-plakak, berogailu sistemak, argindarra aurrezteko bonbilak, etxebizitzak eraginkorrago egiteko fatxadak, auto elektrikoa... Badaude hainbat aukera herritarron esku, baina oraindik badaude gainditu beharreko zenbait oztopo teknologia batzuk erabar zabaltzeko. "Esate baterako, etxebizitza-bloke batean oso zaila da berotze sistema berri bat jartzea, espaziorik ez dagoelako aurreikusita etxebizitzaren diseinuan. Hori aldez aurretik egitea da egokiena, etxebizitza diseinatzeko orduan teknologia garbiak hartzea kontuan", azaldu digute Usurbilgo Lanbide Eskolako adituek. 

Eguzki-plaken teknologiak ere ikaragarri egin du aurrera azken urteotan, baina gure herrietan oraindik oso gutxi zabaldu dira. Zenbait eraikin publikotan jarri ziren bere garaian, baina garapena moztu egin da, Espainiako Gobernuak legez ezarritako oztopoengatik. Debekatuta zegoen, esate baterako, etxebizitza-bloke batek bere kontsumorako eguzki-plakak instalatzea. Bizilagun bakoitzak jarri behar zuen berea, ezin zen azpiegitura bakarra jarri denentzat. Oztopo hori ez legezkotzat jo zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, eta atea ireki da bide hori jorratzeko. Baina legeak egokitu eta garatu behar dira. Urrats egokiak egiten badira, 10-20 urteren buruan ohikoa izango da etxebizitza-blokeetan eguzki plakak ikustea.

Etxebizitza-blokeen efizientzia energetikoan gero eta zorrotzago ari dira jokatzen erakunde publikoak, eta hortik ere etorri dira hobekuntzak. Arkitektoen elkargoak, adibidez, erakusgai dauzka fatxadak isolatzeko dauden materialak, energia alferrik gal ez dadin. Azokan oso modu praktikoan ikus daiteke, baita ere, LED bonbila berriek askoz argindar gutxiago behar dutela ohiko bonbilek baino.

Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio eta Zumaiako alkate Oier Korta, gaur Energia Azokan.

Usurbilgo Lanbide Eskola, aintzindari

Energia berriztagarrien inguruko goi mailako ikasketak eskaintzen ditu Usurbilgo Lanbide Eskolak duela zortzi bat urtetik. Halako ikasketak egiteko aukera eskaintzen duen bakarra da Gipuzkoan. Ikasleek aukera dute eskolan bertan teknologia berri hauekin lan egiteko eta, bi urteko zikloa osatuta, lan merkatuan nahikoa erraz topatzen dute lanpostua. "Energia berriztagarrien inguruko jakintzaren premia dago lan munduan. Batetik, hainbat lanbide egokitu egin behar izan direlako eskakizun berrietara; bestetik, lanbide berriak sortu direlako", azaldu digute Eskolako ordezkariek.

Beheko plazako Energia Azoka ere beraiek antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Zumaiako Udalarekin batera. Azokaren irekietan izan dira, hain zuzen ere, Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio eta Zumaiako alkate Oier Korta.