Emakumeen Etxearen proiektuaren harira saio irekiak egingo dituzte

Baleike 2018ko ira. 20a, 17:30

Emakumeen Etxearen definizioa herritarrekin batera osatzea da helburua. Besteak beste, kokalekua, funtzionamendua eta kudeaketa izango dituzte hizpide. 

Zumaiako Udala eta Berdintasun Foroa Emakumeen Etxea eraikitzeko elkarlanean ari dira. Proiektuaren definizioa osatzeko, ordea, ezinbestekotzat jo dute herritarrak prozesuan inplikatzea. Proposamenak jasotzeko saio irekiak antolatu dituzte: irailaren 25ean 18:15ean Alondegian egingo dute lehena, eta urriaren 23an elkartuko dira berriz, toki eta ordu berean. 

Etxearen kokalekua, funtzionamendua edota kudeaketa erabaki nahi dituzte saio horietan. Emakumeen Etxea elkargune edo topagunerako espazioa izatea da asmoa, berdintasunerako bidean, indarrak edota sinergiak sortzeko espazioa. 

Gizarte parekideagoa lortzeko bidean, Zumaiako Udalak eta Berdintasun Foroak herritar oro gonbidatu du prozesuan parte hartzera.