Agortu dira Zumaiena ikastetxearen hasiera ekitaldirako sarrerak

Baleike 2018ko ira. 20a, 15:03

Datorren asteartean, irailaren 25ean, Zumaiena ikastetxeak hasiera ekitaldia ospatuko du eskolako areto nagusian 18:30ean. Ekitaldira joateko gonbidapenak agortu dira dagoeneko.

Ikasturte berriarekin batera, Zumaiena ikastetxearen hasiera ekitaldia ospatuko da datorren asteartean eskolako areto nagusian. Ikastetxetik jakinarazi dutenez, "momentu historikoa da. Proiektua izenberritu dugu ZUMAIENA izena jarriz eta ikastetxeko proiektua inoiz baino biziago dagoela esan nahi dugu".

Ekitaldi berezi horretan Lucia Lacarra dantzaria izango da Iker Murillo eta Josué Ullaterekin batera, baina dagoeneko gonbidapen guztiak agortu dira. "Ekitaldia doakoa da, baina sarrerak eskuratzeko orduan ikastetxeko familiek izan dute lehentasuna. Behin familiei banatu ondoren, bihar eta astelehenean gelditzen ziren gonbidapenak herritarrei zabaltzeko asmoa genuen, baina, ikastetxeko eserleku kopurua handia izanagatik, sarrera guztiak bideratu dira dagoeneko", adierazi dute eskolako zuzendaritzatik. Bihar eta astelehenean, beraz, ezin izango dira sarrerak eskuratu.