Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eta Kalea Guztiona Da-k elkarlanean grabatutako bideoklipa aurkeztu dute

Baleike 2018ko ira. 20a, 09:53

Martxoaren 12an Kalea Guztiona Da taldearekin elkarlanean grabatutako bideoklipa eta Borobilean disko berria aurkeztu zuten atzo Alondegiko Oxford aretoan. 

Arratsaldean gaztetxean elkartu ziren dozenaka haur eta guraso, Marimototsekin eta trikitilariekin batera. Kalejira Erribera kaleko horma paretik igaro zen hura margotzen ari ziren bitartean, eta Marimototsek geldialdia egin zuen bertan, Kalea Guztiona Da-ko kideei murala margotzen laguntzeko.

Alondegiko Oxford aretoan aurkeztu zuten Borobilean disko berria eta Kalea Denona Da abestia. Pailazoek 30 urte daramatzate eskenatokietan, eta urteurren borobil horri erreferentzia egiteaz gain, pailazoak "borobilean" eseriko dira, "begiak eta bihotzak elkarri begira". Arauen, norbere lekua bilatzearen eta antolaketaren inguruko gogoeta dakarte Pirritx, Porrotx eta Marimototsek disko berrian. 

"Koloreen artean egon arren, gauza triste batek batu gintuen", gogoratu zuten Kalea Guztiona Da-ko kideek bideoklipa aurkeztu aurretik. "Duela hiru urte, agintea zuenak kalean aldarrikapenek lekurik ez zutela erabaki ondoren, borobilean gauzak erabakitzea gustatzen zaigunak elkartu ginen", azaldu zuten. Hala, "ahalik eta kolore gehienekin" eta "pedagogia lana egiten" eztabaida kalera eramaten saiatu ziren. 

Haurrena ere bai
Burlatan (Nafarroa) Kalea Denona Da izeneko ekimena jarri zuten martxan, eta ekimenak atentzioa deitu zion izen bera daraman Zumaiako eragileari. "Kalea guztiona denez, haurrena ere bada, eta hitza eta erabakia izan behar dutela aldarrikatu zuten. Horrek piztu zigun argia". Porrotxi eskutitz bat bidali zioten kalean elkarrekin zerbait egiteko gonbidapena luzatuz, eta beren harridurarako, izen bereko kanta bat eginda zeukatela erantzun zien pailazoak. Beraiekin dantzatu, abestu eta murala margotzeko aukera eskaini zieten orduan.