Naturako lau elementuekin jolasean

Baleike 2018ko ira. 19a, 19:22

Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak eskaini duen Sormenaren Kabia izeneko beka lortu du Txiki Keixeta artista zumaiarrak. Datorren astean hasiko da bi asteko erresidentzia egiten Hernioren magalean dagoen herrian. Bertan egingo duena aurreratu digu.

Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak artisten egonaldia egiteko lehendabiziko deialdia egin zuen uda hasieran. Antolatzaileen esanetan, aurreikuspen guztiak gainditu eta orotara, 23 proposamen jaso dituzte. “Arrakastatsua izan da lehen edizio hau. Herrialde ezberdinetako jendea aurkeztu da, eta diziplina askotakoak. Egia esan oso pozik nago beka lortu dudalako, zorte bat izan da”, aipatu du Txiki Keixetak.

Ez da bakarrik egongo ordea. Finalera iritsitako bi proiektuen maila ikusita, epaimahaiak azkenik, beka Kimia Kamvariri eta Txiki Kexetari ex aequo ematea erabaki baitute. “Astebetez izango dut beste artista ezagutzeko aukera, bera dagoeneko Alkizan aurkitzen baita”, esan du.

Alkizako egonaldia egiteko hiru tokiren artean aukeraketa egin beharko du zumaiarrak: Lete nekazaletxea, Ur Mara museoa edo Inazio Urruzola txakolindegia. Aukeraketa hori egitera aste honetan bertan joango da. “Egonaldi hauek garrantzitsuak dira artistentzat. Egunerokotasunetik atera eta leku aldaketak esaterako, zure lanean eragin egiten du. Toki bakoitzak bere berezitasuna dauka, eta Alkiza ere berezia da, gure kostaldearekin zerikusirik ez duena”, nabarmendu du.

Raku teknika

Sormenaren kabia bekak natura du oinarri edo baldintza, eta hain zuzen, naturako lau elementuen (sua, airea, lurra eta ura) interakzioarekin jolastuko du Keixetak proiektu honetan. “Lau elementu horiek nire lanerako tresna edo material bezala erabiliko ditut. Lurra edo buztina esaterako, material gisa erabiliko dut, baina egosketa suarekin izango da eta suak aginduko du pieza horien gainean. Bestalde uraren eta airearen eragina ere ikusiko da lan honetan”, kontatu du.

Egosketak Japoniako Raku teknika erabiliz egingo ditu. Normalean pieza txikiak egiteko erabiltzen da teknika hori, baina proiektu honetan metro bateko piezak sortuko ditu. “Lehenengo egunetan piezak egingo ditut. Guztira hiru izango dira, eta horretarako ontzigile teknika tradizionala erabiliko dut. Ondoren, ni neuk diseinatu dudan labe bat muntatuko dut. Hiruzpalau egun beharko ditut lan hori egiteko. Azkenik, egosketa egingo dut”, esan du.

Labearen muntaketa izango du lan prozesuaren momenturik garrantzitsuenetakoa. 1.100 graduren bueltan egiten du egosketa eta Raku teknikarako berezia da. “Diseinu berri bat egin dut. Rakuan, pieza tenperatura altuenean egosten ari denean, kanpora atera behar da. Kasu honetan, berriz, pieza bera atera beharrean, labea, kaxa moduko bat dena, altxatuko dut eta pieza begi bistan geldituko da”, kontatu du.

Egonaldiak irauten duen bi astetan, jendeak izango du bisitarako aukera, hala ere, lan prozesua nahiko pribatua izango dela azaldu du. “Baina egosketak herriko plazan egiteko asmoa dut, iluntzean. Zerbait publikoa izatea nahi dut eta bertakoei joateko gonbidapena luzatu nahi diet. Ez da ohiko gauza bat eta jendeari erakustea polita da”, gaineratu du.

Uztaila hasieran Endoia auzoan Raku teknikaren ikastaro bat ematen ari zela izan zuen beka honetarako ideia. “Erabakiorra izan zen. Nire lanak beti izan du naturarekin zerikusia, batez ere, gure labarrekin baina orain mendira joango naiz, eta horrek ere erakartzen nau”.

Dokumentatzeko nahia

Keixetarentzat ez da lehenengo erresidentzia. Aurrez, Artelekun, Baigorrin eta Zestoako Bainuetxean egin ditu, esaterako. Egonaldi horiek interesgarriak iruditzen zaizkio. “Batez ere beste herri baten eta beste jende batekin harremana izatea positiboa da”.

Hurrengo astean hasiko duen egonaldiarekin hainbat helburu finkatu ditu. “Lehendabiziko gauza aukera honekin disfrutatzea izango da, eta ondoren, lana erakustea da. Nola? Bi eratara. Alde batetik, lan prozesua dokumentatuko dut bideo eta argazkien bidez, eta aurrerago, material horrekin, dokumental bat egiteko asmoa dut. Beste aldetik, erakusketetan jarriz”.