"Azken lau urteotako bizipenak ere izango ditugu gogoan"

Baleike 2018ko ira. 18a, 20:29

Zortzi abesti biltzen dituen maketa kaleratzearekin batera eman du Breaking Brokkoli musika taldeak atsedenaldiaren berri. Diskoa esku artean izateaz gain, azken urteotako bizipenak gogoan izango dituzte Unai Linazasoro eta Ander Eizagirre taldeko musikarietako bik. Ikasketengatik hartuko dute hilabete batzuetako atsedena, baina aurrerago musikarekin gozatzen jarraitzeko asmoa dute.

Bertsioak joz hasi zuen Breaking Brokkoli taldeak bere ibilbidea

Unai Linazisoro: Duela lau urte edo hasi ginen, eta ikasketekin uztartu behar izan genuen garai hura. Bertsioak joz pasatzen genituen arratsaldeak entsegu lokalean. Hasieran, ez genekien zein musika jo nahi genuen. Probatzen hasi ginen, gustuko genuena zehazten. Lehen kontzertua santelmoetako bertsio gauean jo genuen Arctic Monkeys  taldearen bertsioekin. 

Ander Eizagirre: Luken [Prinse] eta biok musika eskolan jarraitu genuen gitarra ikasten, eta Manexek [Azkue] ordurako bazekien bateria jotzen. Geure artean hitz egin genuen taldea sortzearen inguruan, baina baxu jotzailea falta zitzaigun. Orduan pianoa jotzen zuen Unaik, baina berehala hasi zen baxua ikasten. Egia esan, azkar ikasi zuen, eta urtebetera entseatzen hasi ginen. 

Izen berezia du zuen taldeak.

A.E.: Deiadar izenarekin egin genituen lehen urteak. Jotzen genituen bertsioak eta geure abestiak ingelesez abesten genituen, eta izenak iradokitzen zuena ez zela hori ohartu ginen. Jendea Deiadar ikustera etortzen zen, baina espero ez zuen zerbait aurkitzen zuen. Orduan, izena aldatzea erabaki genuen. 

U.L.: Askotan galdetu digute taldearen izenaren inguruan. Izenak berak grazia egiten zigun,  originaltasun puntu horren bila joan ginen. Egia esan, taldearen izenak ez du zentzu berezirik. 

Sortuta zenituzten abestiak maketa batean bildu dituzue orain.

A.E.: Abesti asko genituen, baina zortzi biltzea erabaki dugu.  Abestiak ingelesez idatziak dira, eta bakoitzak du bere gaia. Hala ere, garrantzia gutxi eman izan diegu beti ahotsari eta letrari, gehiago nabarmendu dugu alde instrumentala. Horrek gehiago bete gaitu, baina ez esateko ezer ez genuelako.  

U.L.: Abestiak sortzeko prozesua oso luzea izan da. Taldekideren batek oinarria ekartzen zuen, eta garatzen joaten ginen entsegu lokalean. Grabatu ondoren entzun egiten genuen, eta horren gainean aldaketak egiten genituen. Lehen kantu horietatik azkenengoetara badago aldea, geure estiloa zehazten joan gara denborak aurrera egin ahala. 

A.E.: Bitxitasuna izan da geure abestien ezaugarria. Ez dute zerikusirik beste taldeekin, eta diskoko abestiek ere ez dute antzik beren artean. Rage against the machine taldearen influentziak badaude abesti batzuetan, baita Led Zeppelinenak ere, lasaiagoak dira beste batzuk... Puntu komun bat aurkitu genuen, eta bide horri segika iritsi gara honaino. 

Hilabete askotako lana izan da. Gustura al zaudete emaitzarekin?

U.L.: Abenduan hasi ginen grabatzen. Lanarekin eta ikasketekin uztartu behar izan dugu, eta asko luzatu da prozesua. Usategian grabatu genuen, eta guk egin ditugu egin beharreko lan denak, ingurukoek lagunduta. Horrek dena zaildu du, esperientziarik ez genuelako. Hala ere, gustura gaude, azken urteotan egindakoaren isla baita diskoa. 

A.E.: Badakigu diskoak akatsak dituela, baina hemendik urte batzuetara ikusi eta irribarrea aterako zaigu. Atsedenaldi luze bat hartuko dugu orain, urte erdikoa edo urtebetekoa.  

U.L.: Ander eta biok kanpoan izango gara denboraldi batez, eta horregatik, aurrera jarraitzea ez zela posible ikusi genuen. Dena den, aurrerago ikusiko dugu zer egiten dugun.   

Zaila egin zaizue musika eta gainontzeko eginbeharrak uztartzea?

A.E.: Taldekideak elkar ulertzea da funtsezkoa. Niri, esaterako, ez dit axola lagunekin geratu beharrean entseatzen arratsaldea pasatzeak. Elkar ulertzean dago gakoa. 

U.L.: Hartutako konpromisoei eustea beharrezkoa da, baita noraino eta nola iritsi nahi duzun argi izatea ere. Une zailak pasatu ditugu, baina hitz eginez eta elkar ulertuz dena konpontzen da.

Gertuko askoren laguntza izan duzue.

A.E.: Jabi Tostonek bere denbora librean egin digu diseinua. Oso eskertuta gaude egin duen lanarekin. Diskoaren grabaketan Aitor Ramosek eta Jurgi Taboadak lagundu digute. Horiek gabe ezin izango genuke maketa argitaratu. 

U.L.: Asko eskertzen da musikan interesa duen jendea horretan laguntzeko prest egotea, gainera, musu-truk. Herriko talde txikien eta musikaren alde lan asko egin dute Aitorrek eta Jurgik. 

Maketa izango da zuen agurra, beraz

U.L.: Utzi aurretik kontzertu bat eman nahi genuen, baina arazo batzuk izan dira, eta ez da atera. Agur kontzertu bat ez ematearen penarekin geratzen gara. Uda hasieran jo genuen azkenekoa, Gaztetxearen urteurren festan. 

A.E.: Niri ondo etorri zait denbora hau. Beste bi musikarirekin aritu naiz inprobisatzen, eta gitarrarekin asko hobetu dudala uste dut.  Diskorako konpromisoa hartuta, betebehar bat duzu. Kezka eta presio horrekin lan egiteak erre egiten du. Udan oso gutxi entseatu dugu, baina gogo gutxirekin, eta asko tenkatu dugu soka. Parentesi honek guztioi egingo digu on. 

U.L.: Musikarekin gozatzea ezinbestekoa da guretzat. Orain maketa dugu esku artean, baina azken lau urteotako kontzertuetako eta entseguetako bizipen horiek guztiak izango ditugu gogoan. Zortea izan dugu lau lagun elkartu eta hau egiteko gai izan garelako. Oso pozik gaude.