Udalak positibotzat jo du Olarro Eguna

Baleike 2018ko ira. 18a, 16:49

Aurtengo edizioak izandako harrera ona eta herritarren partaidetza altua nabarmendu ditu Udalak. Era berean, eskerrak eman dizkie antolakuntzan zein Olarro Egunean bertan lanean aritu ziren herriko elkarte zein taldeei egindako esfortzu eta lan onagatik.

Joan den larunbatean ospatu zen Olarro Eguna Zumaian. Goiz goizetik eguraldia lagun, herritar ugari bildu ziren antolatutako ekintzetan parte hartzera. Esate baterako, jendetza ibili zen egunean  zehar herriko puntu ezberdinetan ezarritako txosnetan olagarro zopa eta brotxetak dastatzen, baita, noski, batel estropadetako parte hartzaileak animatzen ere.

Horrez gain, 80ko hamarkadako arraunlarien omenaldiak izandako harrera ona eta partaidetza altua ere azpimarratu nahi ditu Udalak, herritar mordoa bildu baitzen Kofradiako plazan 1984an eta 1987an Kontxako bandera irabazi zuten Zumaiako Aita Mari traineruko kideak omentzeko.

Guzti horiek kontuan izanik, aurtengoan ere Olarro Egunaren balorazio positiboa egin du Udalak eta bizitako giro ezin hobea azpimarratu du.