Aparkamenduen erregulazio sistema larunbatera arte egongo da indarrean

Baleike 2018ko ira. 13a, 13:44

Larunbat honetan, hilak 15, amaitutzat emango da 2018ko uda denboraldia eta horrekin batera, baita Zumaiako aparkamenduaren erregulazio sistemaren bigarren fasea ere.

Bigarren urtez arautu ditu Udalak herriko aparkalekuak uda garaian. Iaz alde zaharra eta Zumaiako erdigunea erregulatu zituen; bigarren urte honetan erregulazioa herri osora zabaldu du. Sistema ekainaren 15etik aurrera egon da indarrean, eta hiru hilabeteren ostean, bihar amaituko du aurtengoari dagokionez. Hau da, igandetik aurrera, herriko egoiliar guneak edota errotazio altu zein TAO eremuak ez dira indarrean egongo.

Dena den, iaz bezala salbuespenak egongo dira eta urte osoan zehar erregulatuta jarraituko duten guneak egongo dira.

Ardantzabide auzoko egoiliar guneetan aparkatzeko ezinbestekoa izango da zona 1 eta 2ko bertakoen txartela izatea. Horrenbestez, 3, 4 eta 5eko egoiliar txarteldunek eta gainerako herritar zein kanpotarren ezingo dute auzoko egoiliar gunean aparkatu.

Errotazio altuko guneak mantenduko dira Moilaberriko zubitik Saregile plazara arte (A1 gunea), Amaiako plaza (A2 gunea) eta Anbulatorioan (A3 gunea). Ordu muga, orain arte bezala, 90 minutukoa izango da. Ibilgailua Zumaian erroldatuta dutenentzat bertan aparkatzeak doakoa izaten jarraituko du. Gainerako ibilgailuek doan izango dituzte lehen 30 minutuak. Edozein kasutan, ezinbestekoa izango da orain arte bezala tiketa makinan inprimatzea.

Gune hauen ordutegia astelehenetik ostiralera 08:00-20:00, eta larunbatetan 08:00-13:00 izango da. Ordutegitik kanpo aparkaleku libre bilakatuko dira, hau da, edonork aparkatu ahal izango du bertan, ordu mugarik gabe edota tiketa inprimatzeko beharrik gabe.

Foruen enparantzan, udaletxe parean dagoen guneak errotazio altuko C gunea izaten jarraituko du. Hemen ez da txartelik inprimatu beharrik izango eta aparkatzeko ordu-muga 20 minutukoa izango da, astelehenetik ostiralera 08:00-15:00 ordutegian, eta larunbatetan 08:00-12:30 ordutegian.. Ordutik aurrera, librea izango da bertan aparkatzea.

Udaletik jakitera eman denez, sistemaren aplikazioaren inguruko “diagnosi sakona” egingo du “akatsak identifikatu, zuzendu eta datorren urteari begira sistema egokitzen eta hobetzen jarraitzeko”. Horretarako, datuez gain, uda sasoian zehar herritarrengandik jasotako iritzi, proposamen eta ekarpenak kontutan izango dituela adierazi du. Ekarpenak mugikortasuna@zumaia.eus helbide elektronikora bidal daitezke.