Tatuajeak: modaz haratago dagoen kultura

Baleike 2018ko ira. 13a, 11:18

Edozeinek izan dezake tatuaje bat gorputzean. Emakumeek zein gizonek, gazteek zein helduek. Batzuek agerian eramango dituzte eta beste batzuek ezkutuan. Baina zer dago tatuajeen munduaren atzean? Kultura bateko partaide izateko gogoa? Edo itxurakeria hutsa? Horri buruz hitz egin dugu beraien gorputzetan tatuajeak dituzten lau zumaiarrekin, baita Greyline Tatoo estudioko tatuatzaileekin ere.

Erreportaje hau uztaileko Baleike aldizkarian argitaratu genuen.

Onartu behar dut tatuajeen mundua erabat arrotza egiten zaidala. Nire ezjakintasunean tatuajeak ‘bizitza arriskutsuko’ edota rock munduarekin lotu izan ditut betidanik. Ez dut tatuajerik nire gorputzean, ezta piercing edo belarritakorik ere. Eta ez da nire gorputza tenplu ukiezintzat jotzen dudalako. Ez, ez da hori. Zalantzatia naiz. Kamiseta bat erosteko orduan zalantzak baditut, zer esanik ez betiko (laserra dela medio agian ez hain betiko) geratuko den tatuaje bat egitea erabakitzen badut. Ez dut esango gutxiengo bateko partaide naizenik, baina egia da gero eta jende gehiago jartzen dela tatuatzaileen eskuetan. Batzuek tattoo txiki batekin nahikoa izango dute, eta beste batzuentzat prozesu luze baten abiapuntua izango da.

18 urte zituela egin zuen Ian Brittenek (31 urte) lehen tatuajea. “Buru hezur bat izan zen. Irabazi nuen lehen soldatarekin ordua eskatu nuen Zarauzko estudio batean. Orduan ezagutzen nuen estudio bakarra zen”, dio. Tatuajeen munduak txikitatik erakarri zuela dio Ianek. “Rockeko taldeak jarraitzen nituen: Metallica, Machine Head, Pantera... Bideoak ikusten nituen, kontzertuetara joaten nintzen, eta haiek guztiek tatuajeak zituzten. Hala sartu zitzaidan tatuajeak izateko gogoa”. 

Garezurra izan zen lehena, baina ez bakarra. Bi urteko epean dragoi bat eta ezker beso osoa egin zituen. “Gero lauzpabost bat urte egon nintzen ezer egin gabe, baina erritmoa hartu nuen berriro eta beste besoa, hanka, sorbalda eta bularra egin nituen. Aurten beste hiru tatuaje egin ditut nahiko garrantzitsuak izan direnak eta ez dut uste denbora asko egongo naizenik gehiago egin gabe”, onartu digu. 

Elena Bernalek (41 urte) esanahia duten tatuajeak ditu gogoko. “Egin ditudan guztiek dute esanahia eta bederatzi egin ditut”, dio. Egindako lehena gogoratzean irribarrea atera zaio. “Barra kode bat da. 20 bat urterekin egin nuen eta eduki nuen lehen mutilaren telefono zenbakia zen. Orain damutzen naizen? Ez, bizitzan izan dudan esperientzia baten ondorioa da. Nire gurasoei hasieran ez zitzaien gustatu, baina gero grazia egin zien”.

Bederatzi tatuaje ditu Elenak gorputzeko leku desberdinetan, eta azaldu digu gehiago egiteko asmoa duela. “Denek dute esanahi edo ideia bat. Proiektuarekin jarraitzeko asmoa dut, betiere ideiak baditut eta tatuajea egiteko dirua ere bai”.

Telmo Amilibiak, Motxuk, (36 urte) 20 urte pasatxo zituen lehen tatuajea egin zuenean. “Maori itxurako aurpegia izan zen eta bizkarrean egin nuen. Tatuajeen mundu honek atentzioa eman izan dit betidanik. Gurasoei baimena eskatu nien eta ezezkoa jaso nuen. Behin lanetik atera nintzen, marrazkiak ikusi nituen eta aurpegi hori aukeratu nuen”. Aurpegi haren ondoren makina bat tatuaje egin ditu Telmok. “Haren ondoren beso oso bat egin nuen, San Antonioren irudi bat eta aitonaren aurpegia ere tatuatu nituen”. Jarraitzeko asmoa du Telmok. “Gorputz osoa tatuatzeko beldurrik ez dut. Aurpegia kenduta beste dena egingo nuke. Bizitzak aukera ematen badit, jarraituko dut”, dio.

Ainhoa Caposossi (25 urte) da lauretatik gazteena. Tatuajeen zalea izateaz gain, Greyline Tattoo estudioan egiten du lan. 15 urterekin egin zuen lehen tatuajea, tximeleta bat, sabelaren albo batean. “Tatuaje bat egin nahi nuen. Berez garezur bat egin nahi nuen, baina amak ez zidan utzi eta tximeleta aukeratu nuen. Tatuajeen estetika gustatzen zitzaidalako egin nuen, baina, baita ere, nuen adinarekin halako errebeldia bat erakutsi nahi nuelako”.

Bizpahiru urte geroago bigarren tatuajea egin zuen, eta ordutik, urtero, beste pare bat gehitu ditu. “Horietatik guztietatik bizpahiru izango dira esanahia dutenak. Besteak diseinuagatik edo gustukoak ditudalako egin ditut”. Jarraitzeko asmoa du. “Limite bakarra, agian, aurpegian egitea da. Bekain gaineko tatuaje batzuk ikusi ditut eta gustatzen zaizkit, baina neure buruan ez ditut ikusten. Agian Zumaia bezalako herri txiki batean biziko ez banintz animatuko nintzateke”. 

Teknologia asko hobetu da denborarekin. Duela gutxi arte tatuajeak betiko ziren. Denborarekin asko eta asko damutuko ziren tatuajeren bat egiteagatik. Ez da hori lau zumaiar hauen kasua. “Damutu? Inoiz ez. Egindako tatuaje guztiak ondo jakinda egin ditut”, dio Telmok. “Tatuajeagatik ez naiz damutu. Bai, ordea, aukeratutako lekuagatik”, dio Ian Brittenek. “Gero, gertatu zait hasierako tatuaje haiek zuri-beltzean egin nituela eta orain kolorea ezagutu dudala. Berriro hasiko banintz, koloretan egingo nituzke”. Elenaren kasuan erabilitako teknologiagatik damutzen da. “Bazen pigmentazioa erabiltzen zuen neska bat. Halakoa egin nuen, baina denborarekin borratzen joan zen. Hura estaltzeko tatuaje handi bat egin behar dut. Horretan nabil”, azaldu digu. “Damutu agian ez, baina dudan bat egiteko aukeratu nuen tokiagatik bai. Leku horretan egin izan ez banu, ikusi ditudan diseinu berri batzuk hor egingo nituzke”, gaineratu du Ainhoak.

Hiru urteko arrakasta

Julen Muñozek (28 urte) eta Pablo Hernandezek (26 urte) makina bat tatuaje dituzte beraien gorputzetan, batak besteari adiskidetasun froga moduan egindakoak ere bai horietako bat edo beste. Bi zumaiar hauek Greyline Tattoo estudioa zabaldu zuten orain hiru urte Zumaian, Patxita Etxezarreta kalean. Orain bizpahiru hilabete ospatu zuten estudioaren urteurrena eta, aldi berean, haren arrakasta. Sona handia hartu du estudioak denbora gutxian eta Zumaiakoak bakarrik ez, beste herri askotako bezeroak ere badituzte. Zazpi edo zortzi hilabeteko itxaron zerrenda izan dute. Orain lasaiago daudela diote. Hori bai, urrira arte lan gehiago ez dutela hartuko ere gaineratu digute [elkarrizketa ekainaren hasieran egin dugu].

“Denbora azkar pasa da. Ireki genuenetik ez gara gelditu ere egin. Orain ondo gabiltza, baina hasieran kostatu zitzaigun jende asko zebilelako”, dio Pablok irribarre batekin. “Asko pentsatu gabe ireki genuen. Ondo ateratzen bazen, aurrera. Inguruan ez zegoen antzeko estudiorik. Jende asko animatu da eta zaplaztekoen bidez ikasi dugu”, gaineratu du Julenek. 

Baina nola hasi ziren bi gazte zumaiar hauek mundu honetan? “Italian praktika batzuk egiten ari nintzela tatuajeak egiten zituen pertsona bat ezagutu nuen”, gogoan du Julenek. “Marraztea gustukoa izan dut beti eta tatuajeen mundu horrek erakarri egin ninduen. Zumaiara itzuli nintzenean tatuajeak egiteko materiala erosi nuen Internet bidez eta handik pixka batera lagunekin probatzen hasi nintzen”. Pabloren kasuan ilustrazioko ikasketak egiten ari zen Bilbon tatuajeen kulturak dei egin zionean. “Julen tatuatzen hasi zen eta jakin-mina sartu zitzaidan. Etxean azal sintetikoekin probatzen eta diseinuak egiten hasi nintzen, dena tatuajeekin lotuta. Handik gutxira hasi nintzen gorputzetan egiten. Hiru bat diseinu egin nituen azal sintetikoan eta nire gorputzean egin nuen lehen tatuajea. Gero Juleni egin nion hurrengoa eta lagun bati beste bat. Hasiera hartan gauza txikiak egiten nituen, sinpleak”. Gero etorriko zirenen zirriborroen modukoak ziren lehen lan haiek.

Gaur egun lau tatuatzaile ditu Greyine Tattoo estudioak. Pablo eta Julenez gain, David Larrak eta Aitziber Egibarrek egiten dute lan bertan. Estudioak bere estiloa duela uste dute bi zumaiarrek. “Bezero batzuk Davidengatik etortzen dira, beste batzuk Julenengatik... Batzuk tatuatzailearen bila etortzen dira eta beste batzuek tatuajea bera dute gogoko. Tattooaren kultura ezagutzen duen jendea tatuaje hori egingo dizunaren bila joango da, Madrilera, Bartzelonara edo behar den tokira”, dio Pablok.

Bihotzetatik eta ainguretatik urrun

Tattoaren kultura esamoldea sarritan erabiliko dute Julenek eta Pablok hizketaldian zehar. Tatuajearen munduak bilakaera handia izan duela ere nabarmendu dute. “Lehen Estatu Batuetako tatuatzaile tradizionalen liburuak erabiltzen zituzten tatuajeak egiteko. Gauza berririk ez, ez zuten askorik asmatzen. Gu ilustratzaileak ere bagara eta diseinua ere lantzen dugu. Beraz, zerbait berria egiteko aukera ere badugu. Bihotzak eta aingurak egitetik, erretratuak eta norberari okurritzen zaiona egitera pasa gara tatuatzaileok”, azaldu du Pablo Hernandezek. 

Bilakaera horrek badu, ordea, distiraz betetako bere alde iluna, eta hauxe da: kultura izatetik moda izatera pasatzea. Itxurakeria asko dagoela uste dute bi tatuatzaileek, eta sare sozialek areagotu besterik ez dutela egin. “Lehen ez zegoen Instagram, Facebook edo halakorik eta tatuajeak aldizkari espezializatuetan bakarrik agertzen ziren. Orain badaude futbolariekin bakarrik lan egiten duten tatuatzaileak. Argazkietan kirolariekin agertzen dira, baina egindako tatuajeak ez dira gero agertu ere egiten”, salatu du Pablok. “Etorriko zaizu jendea esanaz Cesc Fabregas futbolariaren tatuaje bera nahi duela. Normala ere bada: gazteek futbolariak jarraitzen dituzte eta haiek egiten dituzten gauzak nahi dituzte, tatuajea izan edo orrazkera bera eduki. Tatuatzaileak giro horretan daude orain, jende ezagunarekin harremanetan jarri nahian. Lehen ez zen horrela: lehen tatuajeak berak zuen garrantzia, eta ez tatuatzaileak nor tatuatzen duen. Horrek du orain garrantzia, zenbat jarraitzaile dituen sareetan, zenbat sari dituen. Sare sozialek hori dena puztu egin dute”, azpimarratu du Julenek. “Gaur egun inoiz marraztu ez duen jende asko ari da sartzen tatuaje munduan. Modan dagoelako sartzen da eta jende asko ez da ari zuzen. Ez da ondo egiten. Pentsatzen dute jendea tatuatu egiten delako eta dirua dagoelako edozeinek egin dezakeela”, amaitu du Pablok.

Estereotipoak edo aurreiritziak hausten dira. Adin guztietako lagunek egiten dituzte tatuajeak, emakumeek eta gizonek, gazteek eta helduek, marrazkiak erakutsi nahi dituztenek eta norberarentzat gorde nahi dituztenek. “Hemen denetik izan dugu. Hasieran semea etorri izan zaigu, gero ama, ondoren izeba... Behin gizon bat etorri zitzaigun ilobekin. Haien Erregetako oparia tatuajea egitea zen”, dio Julenek. “Jende batek betidanik izan du tatuatzeko gogoa, baina aurretik ez du egin hemen inguruan estudiorik ez zegoelako. Hau zabaldu genuenean jende pila bat etorri zitzaigun”, nabarmendu du Pablok. “Batzuek tatuaje txiki batekin nahikoa izango dute. Beste batzuek handiagoa nahiko dute, sorbalda osoa edo”. Prozesua luzea dela dio Pablok. “Beso bat osorik egiteko bospasei saio behar dira, eta saio bakoitza 7-8 ordukoa izan daiteke, segidan, baina atsedenekin”.

Bezeroaren desioen araberako diseinua egiten dutela diote. “Hitzordua ematen diogu eta bezperan marrazkia erakusten diogu. Zerbait aldatzea nahi badute, hori da momentua. Bestela, tatuatu egingo diogu”, dio Pablok. Gai aldetik ez dute betorik jartzen, baina bai, agian, pertsona jakin batentzako diseinua egokia iruditzen ez bazaie. “Pentsatzen badugu tatuajea ez dela ondo geratuko, bezeroa ideia batekin badator eta guk uste badugu ez duela funtzionatuko, ez diogu egingo. Beragatik, baina baita ere guregatik. Agian oker egon zaitezke eta gero ondo geratuko zaio. Baina askotan badakigu ez dela hala izango, ez marrazkia itsusia delako, gorputzean ez zaiolako ondo geratuko baizik”, esan du Pablo Hernandezek. “Beno, norbaitek haurdun dagoen poni bat duen ortzadar bat eskatzen badu, ez diot egingo!”, amaitu du Julenek, barre artean.