Zumaiako eta Azpeitiko hitanoa izan dira gaur hizpide EHUko udako ikastaro batean

Baleike 2018ko ira. 12a, 16:37
Argazkia: Soziolinguistika klusterra

Zumaiako eta Azpeitiko hitanoa eskolan lantzeko egitasmoa azaldu dute gaur Donostian egindako EHUko udako ikastaro batean. Soziolinguista Klusterreko bi tektnikari azaldu dute egitasmoa Miramar jauregian egindako saioan: Josune Zabalak eta Olatz Bengoetxeak hain zuzen ere. 

2009an hasi ziren gaia lantzen, Zumaiako Udalaren enkarguz. Materiala elkarlanean osatu dute, eta irakasleek ere parte hartze handia izan dute, edukiak gelaren eta haurren ezaugarrietara egoki behar izan dituztelako.

Azpeitiak ere interesa agertu zuen proiektu pilotu honekin, eta eduki batzuk bietarako landu dituzte, herri bakoitzerako egokituta.

Lehen Hezkuntzako 5. mailatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailara bitarte ematen da ikastetxeetan. Hamabi material didaktiko dira, maila bakoitzeko bi, eta herri bakoitzeko hitanoaren erabilera soziala aztertzen da, besteak beste. Soziolinguistika Klusterrarekin batera egiten ari zaio jarraipena programari.