Zumaiako Udalak elbarrituen txartelaren erabilera okerrak atzeman eta horiek zuzentzeko eskatu du

Baleike 2018ko ira. 12a, 11:10

Erabilera oker horiek benetan beharra duten pertsona elbarrituak kaltetzen dituela uste du udalak. Txartelen jabeei erabilera zuzena egiteko eskatu die.

Herritarren zenbait abisu jaso ditu udalak azken hilabeteotan, zenbait lagunek elbarrituen txartela modu desegokian erabili dutela ohartaraziz. Benetako beharra duten pertsona elbarrituak edo horien ingurukoak izan dira erabilera oker hori salatu dutenak, horiek direlako, gainera, arau hausteen kaltetu zuzenak. 

Udalak txartel hori ezintasunen jakin bat duten pertsonei zuzendutakoa dela gogorarazi du. Horrenbestez, txartel hori pertsonala eta besterezina dela azpimarratu du eta gehitu du txartelaren titularra gidari edo bidaiari gisa dagoenean soilik erabil daitekeela.

Bestetik, udaltzaingoak hainbat txartel erretiratu behar izan dituela jakinarazi dute. Txartel horien jabeei zentzuz eta elkartasunez jokatzeko eskatu die udalak.