Xabier Kalparsororen heriotzak argitu gabe jarraitzen duela gogoratuko dute iraileko azken asteburuan

Baleike 2018ko ira. 10a, 13:30

Hogeita bost urte joan dira, eta Xabier Kalparsororen heriotzak argitu gabe jarraitzen du oraindik. Hainbat herritar eta senitartekok iraileko azken astebururako egitaraua prestatu dute, egia "itzaletik argira ateratzeko" garaia dela aldarrikatzeko. 

Asteburu osoan zehar izango dira ekimenak. Ostiralean, esaterako, lagunen eta senideen oroitzapen eta iritziak biltzen dituen Anuken egia ikus-entzunezkoa izango da Torreberri gaztetxean. 
 
Larunbatean, lore eskaintzaren ostean, herri bazkaria izango da. Silvio Rodriguezen bertsioek girotuko dute bazkalostea, eta gauean, Skabidean, El sonido de la metralla eta Panico taldeen kontzertuak izango dira gaztetxean. 
 
Irailaren 30ean, igandea, ekitaldi nagusia egingo dute Aita Mari zine aretoan. Bestetik, irailaren 19tik urriaren 3ra bitartean 1993ko irailaren 27tik aurrerako Ander Guillonen Zumaiako argazkiak biltzen dituen erakusketa jarriko dute Inpernupe tabernan. 
 
Horrez gain, datozen egunetan kamisetak eta poltsak saltzeko postua jarriko dutela jakinarazi dute.