"Iñigo, ez dakigu non duzun muga, eta hobeto ez jakinda"

Baleike 2018ko abu. 27a, 21:21

2016ko abuztuan Iñigo Peña Kofradiako balkoira atera zen herritarren txalo artean Rioko joko olinpikoetan parte hartu ondoren. Bi urte geroago, bere jaioterriak harrera egin dio berriro ere Portugalen jokatutako munduko txapelketan bi domina irabazi ondoren. Ez dakigu non duzun muga eta hobeto ez jakinda. 

Zilarrezko eta brontzezko domina bana irabazita itzuli da Peña Zumaiara. Arratsaldeko zazpirak pasata zirela heldu da piraguista, eta ordurako zain zituen Itxas-Gain klubeko familia osatzen duten kirolariak, lagunak eta baita herritarrak ere. Udal Txistulari Bandaren musika lagun zuela joan da Erribera kalean barrena Kofradiaraino. Behin balkoira aterata Itxas-Gaineko presidente Kepa Etxabek lore sorta bat eman dio. 

Klubaren izenean eskerrak eta zorionak eman dizkio Etxabek. "Urtero ari gara esaten ea noraino helduko zaren. Orain bi urte joko olinpikoak izan ziren eta ordutik hobetuz zabiltza. Ez dakigu non duzun muga eta hobeto ez jakinda". 

Udalaren ordezkari bezala, Gotzon Enbil zinegotziak ere zorionak eman dizkio zumaiar guztien izenean. Tokioko joko olinpikoetarako bi urte geratzen direla eta bultzada eman nahi izan dio Enbilek. 

Gaurko omenduak, Iñigo Peñak, eskerrak eman dizkie asteburuan Portugalen izan diren familiartekoei eta lagunei, telebista bidez estropadak jarraitu dituztenei, "eta baita zorionak ematera hurreratzen diren guztiei".