baleike.eus

Debuta, garaipena eta gola

Baleike 2018-08-21 09:33   Kirola

Peru Nolaskoain gazte zumaiarrak edozeinek amestuko zuen debuta egin du Espainiako futboleko lehen mailan: debuta, garaipena eta gola. Athleticek 2-1 emaitzarekin irabazi dio Leganesi 2018-19 denboraldiko lehen partidan. Peruk lortu du lehen gola, lehen zatian. 

Debuta, garaipena eta gola
Nolaskoain eta Muniain, Athleticen bi golegileak. Argazkia: Marca | Ikusi handiago | Argazki originala

Eduardo Berizzo entrenatzaile argentinarrak hasierako hamaikakoan sartu du Nolaskoain, harrobiko beste jokalari batzuekin batera. Aurredenboraldian egindako lanaren ondorioz eman dio aukera zumaiarrari, eta baita honek erantzun ere. 

Athleticek gogotsu ekin dio partidari eta lehen minutuetan talde madrildarrari nagusitu zaio jokoan. Gola sartzea falta zen eta gol hori 27. minutuan heldu da: Korner bat buruz errematatu du Nolaskoainek eta baloia sareetara heldu da. Zoramena San Mames Barrian. Minutu gutxira, baina, Leganesen berdinketa heldu da, eta zaletuek partidako azken minutuetara arte zain egon behar izan dute garaipeneko gola ikusteko. 92. minutuan heldu da, Muniaini esker. 

Peru Nolaskoainen gola from baleike kultur elkartea on Vimeo.

Berez euskarri lanetan jokatu duen jokalaria zentral moduan kokatu du Berizzok. Zumaiarraren lan ona txalotu du argentinarrak. "Segurtasuna erakutsi du oraindik ikasten ari den postu batean. Baloia jokatuta eskaintzen du, lerro arteko paseak eginez, Williamsek ia gola sartu duen jokaldian bezala". Nolaskoainek egindako aurredenboraldiarekin bat egiten duen partida jokatu duela azpimarratu du argentinarrak.

Partidaren amaieran Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean Peruk azaldu du "barre" egingo zuela orain hiru hilabete norbaitek esango bazion debuteko partidan zentral bezala jokatuko zuela eta, gainera, gola sartu zuela. "Oso pozik" agertu da gola sartzeagatik, "emozio handiak" pasa zirela burutik, baina hurrengo partidan pentsatu behar dela, Eibarren garaipena lortu duen Huesca izango duelako Athleticek aurkaria. Zumaiatik jasotako bultzada ere eskertu du Peruk, lagunena, familiaren eta, nola ez, gurasoena: "Hau denona da". 

Hemen entzun dezakezue elkarrizketa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa