Zarautzen jokatu da gaur KAE 1eko ligako azken aurreko estropada. Egun batzuk lehenago Plentzian erakutsitako itxura bera ematera joan da Telmo Deun Zarautzera, eta bai eman ere. Hobera egin du nabarmen azken estropada hauetan. Lehen ziabogarako lauzpabost segundoko aldea izan du Zumaiak bere aurkari zuzenekiko. Aldea, gainera, handitzen joan da eta tarte handiarekin zeharkatu du helmuga. 18 segundu atera dizkio gaur lehen txandan bigarren egin duen Hibaikari eta 20 San Juani.
Egindako denborarekin eta ateratako aldearekin posible zen, gainera, Zumaia eta San Juan artean beste ontziren bat sailkatzea. Eta baita gertatu ere. Hiru txandak jokatuta, Zumaia bosgarren izan da gaur eta lau izan dira tartean sartu diren traineruak. Emaitza honi esker sei puntuko aldea dute zumaiarrek pasaitarrekiko: 61 puntu ditu Zumaiak eta 55 San Juanek. Estropada baten faltan Arkote ere Zumaiaren atzetik da sailkapen orokorrean, 60 punturekin.
Ligako azken estropada bihar jokatuko da Bilbon, goizeko 11:30ean.