Euskara eta euskal kulturaren berri izateko aukera izan dute Faroeko musikariek

Sapere Aude Sinfonietta 2018ko abu. 17a, 09:27
Argazkia: Maluto

Aste hasieran berriz ere Zumaian izan dira Faroese Clarinet Choir eta Faroese Saxophone Choir taldeetako musikari gazteak, euskara, euskal kultura, San Pedro parrokia eta bertako organoa ardatz izan dituen bisita gidatu baten aitzakian.

Faroetarrek interes handia erakutsi zuten euskarak Zumaian eta Euskal Herrian daukan egoeraren inguruan, eta bisitan zehar aukera egon zen faroeraren eta euskararen kasuen arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak aipatzeko.

Euskal Herrian zehar egindako astebeteko bidaia izan da faroetarrena eta Zumaiako Musika Jaialdian bakarrik ez, Andoainen, Guardian eta Lakuntzan ere eman dituzte kontzertuak. Faroetarrekin eraikitako harremanen baitan, iaz Urval Ensemble klarinete laukoteak Faroe Irletara egindako bidaia ere aipatu behar da. Bertan hainbat kontzertu eskaini zituen laukoteak, euskal musika oinarri hartuta.