Goikoetxeak Hondarribiko Grand Slameko finala jokatuko du bihar

Baleike 2018ko abu. 16a, 16:54

Aurtengo Jai Alai World Tourrean bi Grand Slam irabazi ditu Iñaki Osa Goikoetxeak dagoeneko: Hossegorren Portetekin eta Gernikan Lekerikan. Bihar hirugarrena irabaztera aterako da Hondarribian. Aldazabal bikotekide duela, Olharan eta Irastorzaren aurka arituko da. Finala Jostaldi frontoian jokatuko da 20:00etatik aurrera. 

Jai Alai World Tourreko Grand Slam izateko txapelketa horiek gutxienez zortzi bikote izan behar dute. Hondarribiak baldintza hori betetzen du eta, ondorioz, pilotari zumaiarrak hiru Grand Slam irabazteko aukerak ditu. 

Partida berdindua aurreikusten dute kirol hau ezagutzen dutenek. Jostaldi frontoi bizia da, eta Aldazabalek bere pilotakadak neurtu beharko ditu, Olharanek errebotearekin min handia egin dezakeelako. Frontoiaren ezaugarriengatik, agian egokiagoa da Irastorzarentzat. Baina, kontutan hartu behar da Goikoetxea sekulako mailan dagoela eta kantxan min handia egin dezakeela. 

Hondarribiko txapelketaz gain, Goikoetxearen helburua Miarritzeko Urrezko Eskularrua irabaztea (finalean dago jada Irastorzarekin batera) eta Donibane Lohitzuneko Internationauxen gailentzea dira. Azken honetan oraindik ez da finalera heldu. 

Arratseko lehen partidan beste zumaiar bat arituko da: Imanol Lopez. Laduche aurrelari duela, Zulaika eta Porteten aurka arituko da.