Maria Teresa Durák irabazi du Kaleko pintura lehiaketa

Baleike 2018ko abu. 15a, 18:58

Eguraldia lagun zutela egin da gaur Zumaiako Kaleko pintura lehiaketa. Partaidetza ez da handia izan, baina antolatzaileek margolari gazteen parte hartzea txalotu dute. 

Goizean zehar aritu dira parte hartzaileak koadroak margotzen. Erribera kalean batzuk, Gernika parkean besteak eta baita Ardantzabiden ere. Ordu bietarako aurkeztu dituzte lanak eta epaimahaiaren lana etorri da jarraian. Valentin Manterola, Francisco Hernandez, Julian Eguiguren eta Olatz Goiburu artistek osatu dute epaimahaia. 

Sari banaketa ekitaldian aditzera eman denez, ez dute zalantzarik izan lehen saria ematerakoan. Maria Teresa Durák margotutako Itzurun hondartzako ikuspegiari eman diote lehen saria. Bigarren saria Jose Miguel Arranzek irabazi du.

Zumaiar onenarentzako saririk ez da izan aurten. Ekitaldian zehar jakitera eman dutenez, zumaiar bakarrak hartu du lehiaketan parte, iaz saritua izan zen berak. Araudiak ez du uzten bi ekitaldiz jarraian artista berari saria ematea eta, beraz, horren ordez hirugarren saria ematea erabaki dute epaimahaikideek. Anton Urreisti izan da sari horren irabazlea. 

Gaztetxoei dagokionez, 12 urtez azpikoen saria Jone Arranzek irabazi du, eta 12-16 urte bitartekoena Mar Samperek. Pinturas Rubiok emandako oparia jaso dute.

Lehiaketan parte hartu duten lanekin erakusketa zabalduko da bihar Alondegiko Oxford aretoan. Irailaren 2ra arte bisitatu ahal izango da erakusketa hau.