Hortzak estutu eta bere onena eman du gaur Telmo Deunek

Baleike 2018ko abu. 15a, 15:49
Zaletu batzuk estropada telebista bidez jarraitzen.

Azken asteotako gorabeherak ahaztu eta estropada galanta egin du gaur Zumaiako traineruak Plentzian. Hortzak estututa, bere onena eman dute Xabier Zulaikak gidatutako mutilek. Bere txanda irabazi dute eta jaitsierako play offa jokatzera behartzen duten postutik atera dira zumaiarrak. 

Estropadaren hasieratik aurrea hartu dute Telmo Deunek eta, garrantzitsuena dena, gaurkoan ez du beherakadarik izan. Azken estropadetan aurkari nagusi duen San Juan hurbil izan du beti, bizpahiru segundotara, baina gaur sendo mantendu dira gorriak eta aurrea mantendu dute lau luzeetan zehar. Estropada amaieran 64 ehuneko aldearekin nagusitu dira zumaiarrak. Gaurko sailkapenean zazpigarren izan dira zumaiarrak. 

Sailkapen orokorrean 53 puntu ditu, San Juanek baino bat gehiago. Aurretik Arkote du 55 punturekin. Gaurko estropadaren ondoren, eta larunbatean Zarautzen eta igandean Bilbon jokatuko diren ligako azken bi estropadaren faltan, Zumaia 9. da sailkapen orokorrean, jaitsierako kanporaketa jokatzera behartzen duen postuetatik kanpo.