Amaitu berria den Musika Jaialdiak izandako harrera ona azpimarratu du Udalak

Baleike 2018ko abu. 15a, 09:34

Joan den larunbatean, Growing Young-Une dantza ekitaldiak eman zion amaiera XXXIV. Musika Jaialdiari. Musikak, eta baita dantzak ere, hartu ditu herriko txokoak abuztuko lehen egun hauetan.

Jaialdia amaituta, lehen balorazio azkar bat egin du Udalak, eta ekimenak izan duen harrera ona nabarmendu du: “Ekitaldi guztiak izan dira jendetsuak. Zumaiarrak, udatiarrak, nahiz inguruko herrietatik espresuki etorritakoak izan ditugu gure artean eta areto ezberdinetan ikusle zein entzuleen artean ikuskizunek izandako harrera ezin hobea izan da”, azaldu dute Udal Kultura Sailetik.

Besteak beste organo doinuez, pianoaz, jazz emanaldiez edota gitarraren erregistro ezberdinez gozatzeko aukera eskaini du 2018ko Musikaldiak. Adibide gisa aipagarriak dira Faroe irletatik hurbildutako musikari gazte bikainek edota Sapere Aude Sinfoniettak Maria eta Jose aretoan eskainitako kontzertua, zeinak, gainera, helburu sozial bat bete duen, emanaldiko irabaziak AFAGI elkartera bideratu baitira. Horrekin batera, azpimarragarria izan da, baita ere, Odietan eskaini zen Meeting Point dantza saioa. Azken honek, eguraldia lagun izan ez bazen ere, jende ugari biltzea lortu zuen.

Hori guztiagatik, Udalak eskerrak eman dizkie jaialdiaz gozatzera animatu direnei, antolakuntza lanetan lagundu dutenei eta baita, noski, musikariei ere, egindako lan bikainagatik. “Urtero bezala, musikari eta dantzari paregabeak izan ditugu gure artean eta horiei esker, beste behin, kalitatezko musika zein ekitaldiez gozatzeko aukera aparta izan dugu”, gehitu du.

Musikaldiaz at abuztua festa eta ekintza ezberdinez beteriko hilabetea da Zumaian eta ildo horretan, Udalak Gala Gauean eta berriki ospatutako Euskal Jai egunean izandako giro itzela nabarmendu eta eskertu ditu. “Jaiak ez dira jai herritarren parte hartzerik gabe eta udako bi ekintza berezi hauetan zumaiarrek gogotsu hartu dute parte, bai antolakuntza lanetan, baita kaleetan jai giroa pizten ere”, azaldu dute Kultura Sailetik.