Zubitxikiko baranda kentzea Etxezarreta-Axularreko hiritartzean kokatu du alkateak

Baleike 2018ko abu. 11a, 12:21

Azken egunotan egindako lanen ondorioz Zubitxikiko baranda kendu eta espaloia eta errepidea banatzeko loreontziak jarri ditu Udalak. Erabaki honek kexak eta kezkak eragin ditu, baina Oier Korta alkateak azaldu digunez zorioneko mezu ugari ere jaso ditu.

Saihesbidea zabaldu aurretik N-634 errepideak zeharkatzen zuen herriko zatia hiritartzean kokatzen du alkateak Zubitxiko barandak kentzea. “Saihesbidearekin bide horrek zuen errepide nazional izaera galdu du eta herri barreneko bidea izatera pasa da. Azken hamar urte hauetan Axularreko eta Etxezarretako barandak kendu dira, eta Jadarretik eta herri sarrerako biribilgunetik Paroleraino errepidearen eta espaloiaren arteko barandarik ez dago orain”.

Hiritartze prozesu horretan legealdi honetan neurriak hartu dituztela azpimarratu du. “Axularren espaloiak zabaldu dira eta baita errepidea estutu ere. Horren helburua autoen abiadura jaistea zen. Batzuk kexatu dira errepidea estuegia delako, baina abiadura hori jaistea lortu da eta orain pertzepzioa dago herri barruan zaudela, ez herritik kanpora eramaten duen errepidean”.

Zubitxikian bertan beste neurri batzuk ere hartu dituztela adierazi du Kortak. “Galdona aurrean egindako interbentzioan errepidea altxa da eta galtzada-harri formako zorua jarri da. Inguru horretan oinezkoak lehenetsi nahi genituen, hori izan zen lan horien helburua”.

Lehen pauso hori emanda erabaki du Udalak Zubitxikiko baranda kentzea. “Asko pentsatu ondoren hartu genuen erabakia. Barandaren ordez loreontziak jarri ditugu, eta horien bidez banaketa egiten da espaloia eta errepidearen artean. Baranda kenduta batzuek babesa kendu izanaren sentsazioa dute. Lehenengo asteetan, aurretik Axularren gertatu zen bezala, babes falta suma dezakezu. Axularreko lanak egin genituenean ikastetxetik eta guraso batzuengandik kexa edo iritziak jaso genituen. Hilabete batera edo bira jendea ohitu egin zen egoera berrira, eta sinetsi nahi dut Zubitxikian ere berdina gertatuko dela. Zumaiarrak egoera berri honetara ohituko direla uste dut".

Zubitxikian Txomin Agirre kaira eramaten duen aldean kendu dute baranda; Basadi alderakoan ez dute printzipioz kenduko. “Basaditik zatozela lehen zatia oso estua da, bi metro eskas besterik ez ditu. Aztertu ondoren, lehen fase horretan zubiko alde bakarrean egin dugu lan”.

Etxezarreta kaleko hiritartzeari dagokionez, aurtengo aurrekontuetan proiektua idazteko partida sartu dutela dio Kortak. “Horko lanketa ez da Axularrekoa bezain erraza. Saneamendua, argiteria, ur horniketa... Hori dena aztertu nahi dugu bere osotasunean interbentzioa egiterakoan”.

Kezka Arranplan

Arranpla inguruan izaten diren joan-etorriek kezkatzen dutela ere adierazi du alkateak. “Uda garaian, itsasgoran bereziki, jende asko biltzen da puntu horretan. Ume asko izaten da bainuak hartzen. Aurrean dagoen izozki dendatik ateratzerakoan ere autoen artetik ibiltzen dira umeak bidea zeharkatzerakoan. Hortik dabiltzan ibilgailuen abiadura ez da oso handia, baina... Kezka sortzen digu, baina irtenbidea ematea ez da erraza”.