Aparkamendu sistemaren lehen txanpako balorazioa egin du Udalak

Baleike 2018ko abu. 10a, 11:15

Udako lehen erdia igarota, aparkamenduen erregulazio sistemak lehen hilabete eta erdian eman duenaren lehen balorazioa egin du Zumaiako Udalak.

Egoiliar guneei dagokienez, abuztuaren hasierara bitartean jasotako datuei erreparatuz, alde zaharrean (1, 2, 3 eta 4 zonak) guztira 2.354 egoiliar txartel banatu dituela jakinarazi du, iaz baino 193 biñeta gutxiago. Poligonoetako eremua aurten erregulatu da lehen aldiz eta guztira 2.267 txartel banatu dira bertan, Udalaren datuen arabera.

Egonaldi ertain edota errotazio altuko guneen "eraginkortasuna" azpimarratu du Udalak. Bi guneetan Zumaiako Merkatari eta Ostalari elkarteak edota elkarte kide ez diren herriko hainbat establezimenduek bezeroei aparkalekua ordaintzeko hartutako konpromisoa balioan jarri du.

Kanpoko aparkalekuei erreparatuz, Saraunearen okupazio maila "oso altua" izaten ari dela nabarmendu du Udalak. Kanpoko aparkalekuak herrigunearekin lotzeko martxan dauden garraio zerbitzu publikoei dagokionez, txalupa zerbitzuaren erabilera altua azpimarratu du. Gogorarazi du herriko autobus zerbitzuak ere astelehenetik igandera, 11:00-14:00 eta 16:30-20:30 ordutegian eskaintzen duela zerbitzua herri barruan eta, horrez gain, goiz, eguerdi, arratsalde eta iluntzeko lehen eta azken zerbitzuetan auzoetaraino ere luzatzen duela ibilbidea.

Erregulazio sistemaren helburua "mugikortasun jasangarria sustatu eta herrigunean autoz egiten diren desplazamenduak gutxitzea, eta ibilgailuaren gainetik oinezkoak lehenestea" dela gogoratu du Udalak. Okupazio aldetik datuak jasotzen eta herritarren iritzi, ekarpen eta proposamenak biltzen ari dela dela azaldu dute Udaletik, “datorren urteari begira, sistemari egokitzapenak egiten jarraitzeko”.

Erregulazio sistemak indarrean jarraituko du irailaren 15era arte, Ardantzabiden eta errotazio altuko A eta C guneetan izan ezik; horietan urte osoan mantenduko da indarrean.