Itzurun-Arranpla igeriketa zeharkaldia egingo da bihar arratsaldean

Baleike 2018ko abu. 10a, 09:09

Taosa igeriketa klubak antolatuta, III. Itzurun-Arranpla igeriketa zeharkaldia egingo da bihar arratsaldean. Ia 300 igerilarik hartuko dute parte 16:00etan hasiko den kirol proba honetan. 

Asteazken gauerdian itxi zen internet bidez izenak emateko epea. Hutsik ez bada, 276 igerilari izango dira larunbatean, 16:00etan, Itzurungo irteera puntuan. 15:00etatik 16:20etara bitartean, hondartzaren erdiguneko zati bat parte hartzaile eta antolatzaileentzat gordeko da. 16:00-16:05 bitartean, berriz, ur eremuaren zati bat ere probaren irteera egiteko gordeko da. 

Igerilariek 3.000 metroko distantzia bete beharko dute Itzurun hondartza eta Arranpla bitartean. Lehenengo sailkatuek distantzia hau 40 minutu inguruan beteko dituztela aurreikusten da. 

Ibaian bainatzea eta ontziak ateratzea debekatuta

Antolakuntzatik jakitera eman denez, itsas zeharkaldia dela eta, bihar 16:00etatik 17:45etara bitartean debekatuta egongo da ibaian bainatzea eta ontziekin ibiltzea. Portutik ontziekin atera edo sartzea ere debekatuta dago, beraz lehenago atera edo beranduago sartzea gomendatzen dute.