baleike.eus

Goikoetxeak Gernikako Grand Slameko finala jokatuko du larunbatean

Baleike 2018-08-09 21:01   Kirola
Larunbatean Gernikako Grand Slameko finala jokatuko da. 21:00etan hasita, zesta punta jaialdi bikaina jokatuko da, eta finalean zumaiar bat arituko da: Iñaki Osa Goikoetxea; Lekerikarekin bikotea osatuta, Egiguren eta Irastorzaren aurka arituko dira. 
Txapelketa berria da, eta bi urte eskasetan sekulako indarra hartu du. Zesta puntako bi enpresek, Gernika Jai Alaiek eta Jai Aive-ek, bere pilotari onenak kantxaratu dituzte. Iazko txapeldunak, Olharan eta Imanol Lopez zumaiarra, kanporatuak izan ziren hasi eta berehala. 

Finalean beterania eta gaztetasuna uztartuko dira. Batetik bi beterano arituko dira, Mikel Egiguren eta Eric Irastorza. Biek 40 urte bete dituzte jada, baina sekulako maila erakusten ari dira. Aurrelari beterano batek eta atzelari gazte batek osatutako bikotea izango dute aurkari: Iñaki Osa Goikoetxeak 38 urte bete ditu, baina biziberritu egin dela dirudi eta joko ikusgarria ari da erakusten. Atzelari lanetan Lekerika gaztea izango du. 23 urte besterik ez ditu, baina dagoeneko Dania Jai Alai frontoiko aurtengo denboraldiko atzelari onenaren saria jaso du. Profesional mailan sari handi bat irabazteko gogoz da gernikarra.

Aurretik beste lau pilotari handi arituko dira Gernikako frontoian: Olharan eta Lopez, Beaskoetxea eta Hernandezen aurka. 

Sarrerak Gernikako turismo bulegoan ari dira saltzen eta litekeena da larunbaterako agortzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa