Faroeko ordezkaritza Zumaian da dagoeneko

Baleike 2018ko abu. 8a, 14:03

Faroe uharteetako 50 laguneko ordezkaritza gaur goizean heldu da Zumaiara. Faroese Clarinet Choir eta Faroese Saxophone Choir taldeetako kideek kontzertua emango dute bihar Zumaian, eta datozen egunotan Euskal Herriko beste txoko batzuetan. Astelehenean Euskal Herria-Faroe topaketa egingo da Zumaian bertan.

Klarinete talde honek urtero kultur bidaiak egin izan ditu Europan zehar, eta aurten Euskal Herrira etortzeko desioa erakutsi zuten. Horren jakitun, Zumaiako Musika Jaialdian jotzeko aukera eskaini zitzaien, eta baita hauek onartu ere. Klarinete taldearekin batera, bidaian saxofoi taldekoek ere parte hartu dute. Astebetez izango dira gure artean eta gauak Orioko aterpetxean igaroko dituzte.

Bihar, osteguna, eguerdiko 12:30ean, Oxford aretoan joko dute bi taldeek. Hasiera batean Mari kalean zen kontzertua egitekoa, baina eguraldiaren iragarpenak ez dira onak eta antolakuntzak lekuz aldatu du emanaldia. Euskal Herriko beste herri batzuetan ere joko dute: ostiralean Andoainen joko dute, larunbatean Guardian eta igandean Lakuntzan. Astelehenean Zumaian izango dira egunpasan eta euskal kulturan murgiltzeko gogoa erakutsi dute. Ekitaldi sorta izango dute egunean zehar.