baleike.eus

Musika barrokoa, gaur, parrokian

Baleike 2018-08-08 08:31   Kultura

Zumaiako Musika Jaialdiak XVII. mendeko Italiara egingo du bidaia Raquel Andueza & La Galanía taldeak eskainiko duen kontzertuarekin. Italia 1600 du izenburua gaurko emanaldiak eta 20:30ean hasiko da parrokian.

Raquel Anduezak eta Jesus Fernández Baenak 2010ean sortu zuten talde hau musika barrokoa interpretatzeko asmoaz, estilo musikal eta errepertorio horretan espezializaturiko espainiar eta atzerritar musikari hoberenekin. Taldekideak mundu osoan famatuak diren orkestra eta talde ospetsuetako kideak dira, hala nola: Hespèrion XXI, Al Ayre Español, Sevillako Orkestra Barrokoa, Private Musicke, Orchestra of the Age of the Enlightment, L'Arpeggiata...

Raquel Andueza sopranoa da eta taldearen ardatz nagusia da. Mundu osoko auditorio eta jaialdi handietan aritu dira: Madril, Berna, Berlin, Kolonia, Paris, Brujas, Palma de Mallorca, Mosku, Helsinki, New York, Donostia, Innsbruck, Sevilla, Chicago, Brusela, Lyon, Panamako Hiria...

Yo soy la locura izeneko diskoa izan zen, 2011n, taldeak argitaratutako lehen lana, eta honek FestClásica saria eskuratu zuen. Ondoren, Alma Mia eta Pegaso izeneko diskoak ere argitaratu dituzte eta horiekin ere kritika ezin hobeak eta hainbat sari eskuratu dituzte.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa