Epaileak ez du onartu Zumaiak aurkeztutako inpugnazioa

Baleike 2018ko abu. 7a, 12:13

Borja Osés epaileak ez du aintzat hartu pasa den larunbateko estropadagatik Zumaiako Arraun Elkarteak aurkeztutako inpugnazioa. Zumaia bakarrik ez, beste ontzi guztiak ere kale beretik aritu zirelako ez du onartu epaileak helegitea.

Igartza banderako lehen jardunaldia jokatu zen pasa den larunbatean Pasaiako badian. Erlojuaren aurkako estropada izan zen eta banaka aritu ziren KAE-1eko hamabi ontziak, denak ere kale beretik. Kontua da estropada eremua araudiak zehazten duena baino luzeagoa zela, balizak jartzerakoan arazoak izan zirelako.

Zumaia 10.a izan zen estropada honetan eta Telmo Deunekin batera jaitsierako play offa ekidin nahian dabilen San Juan 8.a. Sailkapen berberak izan ziren igandeko estropadan eta, ondorioz, asteburu bakarrean, Zumaiak San Juanekiko zuen aldea lau puntutan gutxitu da. Une honetan, liga amaitzeko lau estropadaren faltan, 9. dagoen Zumaiak bi puntu besterik ez dizkio ateratzen 10. dagoen San Juani. KAE-1 ligan 10. eta 11. postuetan amaitzen dutenek jaitsierako kanporaketa jokatu beharko dute. 12.a zuzenean jaisten da.

Helegite honen bidez larunbateko estropada bertan behera uztea eskatzen zuen Zumaiako Arraun Elkarteak eta egunean banatutako puntuak kontutan ez hartzea. Inpugnazioa onartuko balitz aldea 4 puntukoa izango litzateke bi kluben artean. Jakin dugunez epaileak ez du inpugnazioa aintzat hartu, erlojuaren aurkako estropada izanda, ontzi guztiak kale beretik aritu zirelako.