Juan Falú gitarra-jotzaile eta konpositore autodidakta Argentinako musika herrikoiaren ordezkari gorenetakoa da. Bere ibilbide luzean sari garrantzitsuak jaso ditu, tartean Gardel saria eta 2000. urteko Premio Nacional de la Música. Argentinako musika herrikoia hedatzeko ahaleginean, irakasle ere aritzen da unibertsitate eta kontserbatorioetan, eta lizentziatura espezializatuak bultzatu ditu musika herrikoia, folklorea eta tangoa lantzeko.
Sortu dituen kantuek Argentinako musikaren sustraietan sakondu eta eremu berrietara daramatzate, eta haietako asko klasiko bihurtu dira. Gitarra jotzeko orduan ere, nabarmena da hain ondo ezagutzen dituen erroetatik abiatuta ezusteko norabideak hartzeko joera, inprobisatzeko gaitasun itzela baitu.
Azken 30 urteetan Amerika, Europa, Asia eta Afrikako dozenaka herrialdetan eman ditu kontzertuak, eta disko ugari argitaratu ditu Argentina, Frantzia, Belgika, Mexiko eta Costa Rican.