Olarro Egunean lan egiteko deia egin zaie herriko talde eta elkarteei

Baleike 2018ko abu. 6a, 18:30

Irailaren 15ean egingo da aurtengo Olarro Eguna. Olagarroa izango da beste behin ere protagonista Zumaian eta aurtengoan ere gastronomia nagusi izango duen festa giroan murgilduko da herria.

Ohikoa den bezala egun honetan olagarroa dastagai egongo da txosnetan, baita herri bazkarian ere. Prestaketa eta antolaketa lanek esfortzua eskatzen du eta horregatik, urtero bezala, laguntza eskatu nahi diete antolatzaileek Zumaiako elkarteei.

Hala, Olarro Egunean txosnetan zein herri bazkarian lan egin nahi dutenenentzako izen-ematea zabaldik dago abuztuaren 30era arte. Interesa duen elkarte orok, turismo bulegoan, 943143396 telefonoan edo turismoa@zumaia.eus helbide elektronikoan apuntatu ahal izango du.

Irailean bilera egingo da izena eman duten lagun guztiekin. Bertan zozketa bidez erabakiko da lanen banaketa eta eginkizun eta betebeharren inguruko azalpen zehatzak ere emango zaizkie parte hartzaileei.

Parte hartzaileak etekin ekonomiko propiorik gabe modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteak izan beharko dute eta Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu beharko dute.

Horrez gain, euskaraz mintzatzea ezinbestekoa izango da eta adin txikikoek ezingo dute, inola ere, edaria zerbitzatu txosnetan.  

Urtero bezala, bi eginkizun edo lan nagusi izango dira egun horren ospakizunean, txosnetako lana eta bazkari herrikoia zerbitzatzea, hain zuzen.

Txosnetako lana

Talde ugarik parte hartu ahal izango dute herrian zehar banatuta egongo diren txosnetan. Festa egunaren aurretik, ostiralean, elkarteetako ordezkariek olagarroa moztu eta brotxetak prestatu beharko dituzte. Ondoren, Olarro Egunean bertan, olagarro zopa prestatu eta banatu beharko dute goizean txosnetan; arratsaldean, aldiz, brotxetak. Horrez gain, taldearen esku egongo dira azpiegituren muntaia, baita materiala garraiatzeko autoa eta edaria ere.

Ordutegia goizeko 09:00etatik gaueko 23:00ak bitartekoa izango da, gutxi gora behera.

Txosna guztietan ordutegia eta prezioak berdinak izango dira. Prezio herrikoiak eskaintzen dira.  

Bazkari herrikoia

Urteroko herri bazkariak 550 lagun inguru biltzen ditu Eusebio Gurrutxaga plazan, beraz, lan hau burutzeko 35 bat pertsonez osatutako lan talde bat beharko da. Talde horrek bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak jarri beharko ditu, karpara sarrerak zaindu, bazkari txartelak jaso, jana banatu eta, noski, ondorengo txukuntze eta garbitze lanak ere burutu beharko ditu.

Muntatze-desmuntatze lanen koordinazioa udaletxearen eta herri bazkariko eta txosnetako kudeatzaileen artean egingo da.