Oier Korta alkatearen hitzetan, urte guzti hauetan uda sasoiko ikur bilakatu da ekitaldia. Jose Mari Beobide musikagile eta organo jotzaile zumaiarra omentzeko kontzertua aipatu du Kortak. 1882an Zumaian jaio zen Beobide, kanpoan garatu zuen bere ibilbide musikala. Herrian bertan musikagilearen talentua, ibilbidea eta musika ezagutarazte aldera antolatu dute ekitaldia.
Bestetik, Sapere Aude Sinfonietta-k abuztuaren 5ean alzheimerra duten pertsonen eta haien senitartekoen alde emango duten kontzertua ekarri du gogora Marixi Sesmak. Behin antolakuntza gastuak estalita, Afagi elkartera bideratuko dute dirua. Turismo Bulegoan eskura daitezke sarrerak 10 euroren truke, eta ekitaldiaren egunean bertan leihatilan ere salduko dituztela azaldu dute.
12 eta 18 urte bitarteko gazteek osatutako Faroese Clarinete Choir eta Faroese Saxophone Choir taldeak Euskal Herrian bira egingo du abuztuan, eta hilaren 9an izango dira Zumaian. Mari kalean eskainiko dute kontzertua, 12:30ean hasita.
Nolanahi ere, jaialdiak eskaintzen dituen emanaldi guztien kalitatea azpimarratu dute antolatzaileek. Donostiako Musika Hamabostaldiarekin elkarlanean hiru emanaldi eskainiko dituzte. Emanaldiak hautatzeko irizpideen inguruan aritu da Joxe Mari Azkue Zumaiako Udal Musika Bandako zuzendaria: "Donostiako Musika Hamabostaldiko eskaintzak, musika estiloak eta publikoa hartzen ditugu kontuan. Guztien gogoko emanaldiak antolatzen saiatzen gara". Besteak beste, abuztuaren 8ko Italia 1600, Raquel Andueza & La Galania orkestra barrokoa aipatu du Azkuek.
Klarinete maratoia irabazi zuen Lez Quartet taldeak ere bere aletxoa jarriko du jaialdian. Lau musikagilek osatzen dute laukotea, tartean, Andone Martiarena eta Malen Trenado zumaiarrek. San Pedro abesbatzak, aldiz, abuztuaren 1ean eskainiko du emanaldia Parrokian. Amaia Aldalur abesbatzako kidearen arabera, kontzertu "garrantzitsua baina zaila" izango da jaialdikoa: "Errazagoak dira etxetik kanpo eskaintzen ditugun emanaldiak, baina maitasun osoz prestatu dugu".
EGITARAUA
Uztailak 30. Opera Sydneytik, Aida. Aita Marin, 19:30ean.
Uztailak 31. Lez klarinete laukotea. Oxforden, 20:00etan.
Abuztuak 1. San Pedro Abesbatza. Parrokian, 20:30ean.
Abuztuak 2. Khami: Bazzque World Sounds. Aita Marin, 20:00etan.
Abuztuak 3.
- Materia, haurrentzako tailerra. Oxforden, 11:00etan.
- Kantu kontari: Ezberdin bezain eder. Mari kalean, 18:30ean.
- Organo kontzertua: J.M. Beobide gogoratuz. Parrokian, 20:30ean.
Abuztuak 5. Sapere Aude Sinfonietta in concert. Zuz.: Fernando Velazquez. Maria eta Joseko aretoan, 20:00etan.
Abuztuak 6. Zinema eta musika: Iñar Sartre City girl (F.W. Murnau). Oxforden, 22:00etan.
Abuztuak 7. Juan Falu: Argentina en mi guitarra. Oxforden, 20:00etan.
Abuztuak 8. Raquel Andueza & La Galania: Italia 1600. Parrokian, 20:30ean.
Abuztuak 9.
- Faroese Clarinet Choir eta Faroese Saxophone Choir. Mari kalean, 12:30ean.
- Ertza: Meeting point (dantza). Odietan, 20:00etan.
Abuztuak 11. Dantzaz: Growing young-Une. Amaiako plazan, 20:00etan.