Hondartzetako sorosleek hiru eguneko greba egingo dute igandetik aurrera

Baleike 2018ko uzt. 25a, 12:44

Gipuzkoako hondartzetako sorosleek hiru eguneko greba deitu dute uztailaren 29, 30 eta 31rako, beraien lan baldintzak hobetzea aldarrikatzeko. Zumaiako bi hondartzetan, Itzurunen eta Santiagon, lan egiten duten 12 sorosleek bat egingo dute deialdiarekin.

“Lan baldintzak hobetzea eskatzen dugu. Uste dugu lan hau ez dutela aintzat hartzen eta ez zaiola duen balioa ematen”, diote Zumaiako hondartzetan lan egiten duten sorosleek. Goiz agertu dira Itzurunera eta lanean hasi aurretik grebaren berri ematen duen pankarta zintzilikatu dute.

Hondartza denboraldian egiten dute lan, ekainetik irailera bitartean, Gurutze Gorriarentzat. “39 ordu sartzen ditugu asteko eta egunean 9,5 ordu. Horri kobratu gabeko beste ordu erdi gehitu behar zaio, ordu laurden lehenago sartu behar dugulako eta ordu laurden beranduago atera. Jai egunak eta asteburuak ere ez dira aintzat hartzen eta opor egunak ere ezin ditugu guk aukeratu”, diote.

Igerilekuetako sorosleek dituzten baldintzetara eta soldatetara hurreratzea eskatzen dute hondartzetako sorosleek. “Igerilekuetako sorosleek guk baino 400 edo 500 euro gehiago kobratzen dituzte. Gure soldata ez da mila eurotara heltzen. Aparteko ordainsariak hainbanatuta, 1.100 eurotara heldu gaitezke. Horrek erakusten du igerilekuetako sorosleen lana baloratzen dela, hondartzako langileekin gertatzen ez den bezala”, azaldu digute.

Soldata igoeraz gain, beste eskakizun batzuk ere badituzte hondartzetako sorosleek. “Aparteko orduak sartzen baditugu, ondo ordaintzea eskatzen dugu. Asteburuetan, jai egunetan eta zubietan lan egiteagatik, plus bat izatea nahi dugu. Finko etena bezala ikustea ere eskatzen dugu, hau da, hiru udatan lan egiten badugu, laugarrenetik aurrera finko izatea”, azpimarratu dute.

Aldarrikapen hauek Gurutze Gorriari zuzentzen dizkiete, baina udalen laguntza ere eskatzen dute. “Udalek zerbitzu honengatik ordaindu egiten dute. Zumaiako Udalarekin kexarik ez dugu. Udal batzuek behetik ordaintzen dute eta beste batzuek goitik. Zumaiakoak goitik ordaintzen du eta ikusten dugu udalak balorean jartzen duela gure lana. Herri batzuetako zerbitzuak defizitarioak dira. Donostiakoa, adibidez, eta beste herri batzuek soberan jartzen duten diru hori defizit hori estaltzeko erabiltzen dutela uste dugu. Agian ez da posible izango hondartza guztietako egoera aldatzea, baina bai Zumaiakoak. Hemengo dirua hemen geratzea eskatzen dugu”.