Arrain txiki eta kabra-dontzeila lehiaketetan izena emateko deialdia zabaldu du Anadek

Anade Elkartea 2018ko uzt. 21a, 12:49

Urtero bezala, abuztuaren hasieran eta Anade elkarteak antolatuta, ohiko Kabra-Dontzeila eta Arrain Txikiko lehiaketak egingo dira, abuztuaren 2an eta 5ean, hurrenez hurren. 

Kabra eta Dontzeila arrantza lehiaketak aurten 43. urtemuga ospatuko du. Abuztuaren 2an, lehiaketa goizeko 7:30ean hasiko da eta edozein ontzitarako dago irekita. Partaide bakoitzak arrantza-apareilu bakarra erabili ahal izango du, eta aparailu bakoitzak gehienez hiru amu eramango ditu.

Arrantza eremua barratik aterata, ezker alderantz Aitzuriraino, eta eskubirantz San Anton mendiraino kokatuko da. Eta ez dago mugarik kostatik urruntzeko distantzian.

Izen–ematea abuztuaren 1an izango da, Anade Elkartean, 18:30etik 20:30era. Parte hartzeagatik ontzi bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu.

Arrain Txikiko lehiaketak (Iñaki Sorazuren oroimenezkoa) aurten bere 44. edizioa beteko du eta bertan parte hartzeko federazioko lizentzia izatea beharrezkoa izango da. Bi kategori jarriko dira: A kategoria 7 urtetik 11 urte bitartean dauden haurrentzat, eta B kategoria, 12 urtetik hasi eta 15 urte aurten beteta dituzten gazteentzat.

Lehiaketa abuztuaren 5an goizeko 10.00tik 13.00etara jokatuko da. Eremua Talaipe jatetxetik hasi eta barra puntairaino izango da. Arratzan modalitatea, berriz, heriotzarik gabekoa.

Arrantzale gazte hauek Anade Elkartean emango dute izena abuztuaren 5a baino lehen. Ordutegia 18.30etik 20:30etara, eta izen emateko orduan lizentzia zenbakia eta kategoria zehaztu beharko dituzte.