Gaur Gernikan jokatzeko "irrikaz" dago Imanol Lopez

Baleike 2018ko uzt. 21a, 13:23

Aurtengo Jai Alai World Tourrean lehen partida du gaur gauekoa. Olharanekin osatuko du bikotea Genikako Gran Slameko hirugarren final-laurdenean (21:30), Olha eta Etxetoren aurka. Bestalde, Iñaki Osa Goikoetxeak beste final baterako txartela lortu du, Hossegorren.

Gernikako partida iristeko irrikaz dagoela aitortu du Imanol Lopezek. Jai Alai World Tourreko lehena du eta kantxan ikusi nahi du bere burua, udako denboraldian buru-belarri murgiltzeko. "Mexikon denboraldi ona egin dut eta uste dut ondo nagoela sasoiz eta jokoz, baina handik hona badago aldea jokoan eta ikusi nahi dut nola egokitzen naizen", azaldu du atzelariak.

Gernikako txapelketa ondo azpimarratuta izaten dute pilotariek, eta Lopezek gogoan du iaz Olharanekin lortutako txapela. "Denok nahi izaten dugu Gernikan irabazi, txapelketa handia da. Iaz guk irabazi genuen, baina nik nahiago izaten dut partidaz partida joan. Nire helburua beti izaten da kantxan nire mailarik onena ematea edo handik gertu egotea; hori egiten badut, badakit emaitzak etorriko direla".

Gaur Gernikan final-laurdena jokatuko eta hurrengo asteburuan Lekeition izango da. Zumaiako txapelketa ere jokatuko abuztu amaieran. "Zumaian Goikok eta biok jokatuko dugu eta horrek poza ematen dit. Ea horrek pilotazaleak animatu eta Zumaiako frontoia betetzen dugun".

Goikoetxeak orain arte erakutsi duen joko sasoiaz galdetuta, Lopezek argi du erantzuna: "Iñakiren jokoaz ez da sekula zalantza egin behar. Aurten, gainera, Mexikon oso ondo ibili da eta zezen bat bezala dago orain, sasoi betean. Maila horrekin segitzen badu oso zaila izango da hari irabaztea, baina gaur egun denok zaintzen gara asko, denok egiten dugu ahalegin handia sasoian egoteko, eta maila handia dago zirkuituan".

Goikoetxea Hossegorreko finalera

Goikoetxeak, bere aldetik, joko bolada bikainarekin segitzen du. Markinako finala galdu egin zuen arren, partida guztietan nagusi ari da Goiko. Atzo Hossegorren finalerako txartela lortu zuen Portetekin bikotea osatuta. 15-7 eta 15-8 irabazi zioten Curveur eta Lekerikari. Finala abuztuaren 3an jokatuko dute, Barandika eta Ekhiren aurka. 

Gaur ere partida du Goikok, Mutrikun, 19:00etan. Lekerikarekin jokatuko du, Aritz Erkiaga eta Aldazabalen aurka. Irabazten dutenentzat izango da Mutrikuko Openeko txapela.

Gernika-n gauez, ikaragarrizko jaialdia. Iazko txapeldunak (Olharan y López) bertan izango dira eta bigarrenean lehengusuen arteko lehia (Beaskoetxea / Barandika). Erakargarria oso gaurkoa Gernika Jai Alai pilotalekuan.