baleike.eus

Udal argitalpenetan erabili ahal izateko argazkien erosketa deialdia egin du udalak

Baleike 2018-07-19 18:00   Gizartea

Herriko eremu edota guneak jaso nahi dituzte, besteak beste, paisaiak, alde zaharra, gastronomia, kultur ekitaldiak eta jaiak islatzen dituzten argazkiak. 

Hainbat argazki eskuratu nahi ditu urtero udaleko Kultura eta Turismo Batzordeak, udal argitalpenetan, udalaren webgunean eta erakundeekin elkarlanean dituzten proiektuen argitalpenetan erabili ahal izateko. Horretarako, herriko argazkilariei eta zaletuei deialdia egin diete, beraien lanak aurkeztu ditzaten. 
 
Egungo argazkiak soilik aurkeztu ahal izango dira deialdira. Bestetik, herriko eremu edota guneak jasoko dituzte, auzoak barne. Besteak beste, paisaiak, alde zaharra, Donejakue bidea eta erromesak, oinezko ibilbideak, gastronomia, kirol eta kultur ekitaldiak eta jaiak islatu beharko dituzte argazkiek. Herritar bakoitzak 20 argazki aurkeztu ditzake gehienez ere, kalitate handiko JPG 300 ppp-ko bereizmenean eta gutxienez 30x20 zentimetroko tamainan.

Aukeratzen duten argazki bakoitzaren truke, 100 euro jasoko ditu argazkilariak. Egoki irizten dion erabilpena emango dio udalak, eta bereak izango dira aurrerantzean erabilera eta eskubide guztiak. Hala ere, argazkiaren jabetza egilearena izango dela zehaztu dute, eta hala adieraziko dute erabiltzen dutenean. Aukeratuak ez diren argazkiak zuzenean sistematik ezabatuko dituzte. 

Turismo Bulegoan edo turismoa@zumaia.eus-en jasoko dituzte argazkiak, abuztuaren 31 baino lehen. Hilabeteko epean aukeratuko ditu udal kultur eta turismo batzordeak adituen laguntzarekin osatuko duen epaimahaiak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa