‘Torreberritzen’ prozesua abian da gaztetxean, urteurrenaren ondoren

Baleike 2018ko uzt. 19a, 09:36
Uztailaren hasieran aurkeztu zuten prozesua, Torreberri Gaztetxeko goiko solairuan. (Argazkia: Torreberri Gaztetxea)

Torreberri gaztetxearen inguruan eztabaidatuko dute espazioaren erabiltzaileekin eta gainontzeko herritarrekin. Prozesua azaroan amaitzea aurreikusi dute.

Hamar urte bete dira dagoeneko Zumaiako zenbait gaztek Erkibe etxea okupatu zutenetik. Hurrengo hilabeteetan eraikina gaztetxe bihurtzeko prozesua jarri zuten abian: eraikina atontzeko auzolanak, asanbladak, erresistentzia txandak... Okupazioa bera eta Erkiben egindako lan guztia gaur egungo Torreberri gaztetxea eta gaztetxe inguruko mugimendua lortzeko giltzarria izan dela uste dute gaztetxeko kideek. Hala ere, ez dute horrekin konformatzeko asmorik: azken urteotan gaztetxean inoiz baino mugimendu gehiago dagoela iritzita, Torreberritzen prozesua jarri zuten martxan hil honen hasieran. Azarora bitartean, gaztetxearen funtzioen inguruan eztabaidatuko dute espazioaren erabiltzen dutenekin eta gainontzeko herritarrekin.

Gaztetxearen erabiltzaile diren kolektibo eta norbanakoen artean harremana eta koordinazioa indartzeko beharra dutela kontuan hartuta abiatu dute prozesua. Gaztetxeko asanblada arduratzen da egun eremuaren kudeaketaz, baina gaztetxearen jarduna "kanpoko eskariek" markatzen dutela iruditzen zaie. Gaztetxeko asanbladaren funtzioak eta espazioaren beraren erabilera zalantzan jartzera doaz prozesuaren bitartez, eta beste hainbat gairen inguruan eztabaidatzeko tartea hartuko dute bide batez. Besteak beste, espazio banaketaren eta jardunaren inguruan arituko dira datozen hilabeteetan.

Urteurrena baliatuz, aurkezpen saio irekia izan zuten hil honen hasieran gaztetxean bertan. Prozesua nondik datorren azaldu, eta datozen hileabeteetan eman beharreko pausoak izan zituzten hizketagai gaztetxean elkartutakoek. Eztabaidarako oinarriak finkatzeko, eragileei eta norbanakoei banatuko zaien galdetegi bat prestatu dute gaztetxe asanbladako kideek. Hala, ildo ezberdinen inguruan hausnartzeko tartea izango dute gaztetxearen erabiltzaileek eta gainontzeko herritarrek. Esate baterako, gaztetxearekin duten harremana, gaztetxeak herrian duen funtzioa, gaztetxearen espazio banaketa, indarguneak, ahulguneak eta funtzionamendua izango dituzte gogoeta egiteko gaiak. Hil honetan zehar zabalduko diete galdetegia herritarrei.

Abuztua izango da gogoeta horiek guztiak jasotzeko unea. Atera diren ideiak, aurrera begirako asmoak eta korapiloak ordenatzea da asmoa, eztabaida faserako oinarriak zehazteko. Gai orokorretatik proposamen zehatzetara jo nahi dute, erabakiak hartzen hasteko. Aterako diren eztabaidagaien arabera zehaztuko dute asanblada kopurua, eta dinamika ezberdinen bitartez prestatuko dituzte saioak. Deialdiak aurrerago egingo badituzte ere, fasea hori urrian eta azaroan garatzea aurreikusi dute gaztetxeko asanbladako kideek.

Ondorioak, paperera
Eztabaida fasean ateratako ideia guztiak kontuan izanik, proiektua idaztea izango dute hurrengo pausoa. Horrekin batera, proiektua bera herritarrei zabalduko diete. Jendaurrean proiektua publikoko aurkeztea ere aurreikusi dute gaztetxeko asanbladakoek.