‘Lyndiane’-ren sarraski ezezaguna

Baleike 2018ko uzt. 17a, 09:55
Lyndiane ontzia Dakarren. (Artxiboa)

1918ko uztailaren 16an Lehen Mundu Gerrako pasadizo lazgarria gertatu zen itsasoan, Zumaia parean: Alemaniako itsaspeko batek 'Lyndiane' zamaontzia hondoratu eta 35 lagun hil zituen.

Gerrako pelikula bat egiteko modukoa da, baina Zumaian gutxik ezagutzen dute Lyndiane zamaontziaren historia. “Bigarren Mundu Gerran gertatu zela pentsatzen zuen jendeak, baina niri oso arraroa egiten zitzaidan gertaerari buruz gure zaharrek ezer ez gogoratzea”, hasi da kontatzen Javier Carballo. Eta hasi zen ikertzen. “Halako batean, herritar batek kontatu zidan bere emazteak umetan Arritokieta kaleko ospitalean ikusi zituela lehen aldiz beltz batzuk, itsas istripu batean erreskatatutakoak. Emaztearen edadeagatik kalkulatu nuen 1915-1920 inguruko gertakaria izango zela, eta pentsatu nuen akaso istripu hartan hildakoak ere izango zirela, eta erabaki nuen Parrokiara jotzea, hildakoen erregistrora”. Eta hantxe hasi zen argitzen Lyndiane zamaontziaren historia, Laborie komandantearen izena aurkitu zuenean. “Jean Edmond Laborie, Lyndiane zamaontziaren komandantea, 1918ko uztailaren 16an hila. Eta haren datuekin batera, emazteak bidalitako gutuna, eskerrak emanez senarraren gorpua itsasotik erreskatatzeagatik». Hari-mutur hartatik tiraka, garaiko egunkarietako kronikekin eta han eta hemen aurkitutako datu eta agiriekin, Lyndianeren historia osatzea lortu dute Javier Carballok, Rikardo Torrek, Ignacio San Miguelek eta Raul Castrok.

Zer gertatu zen?

Dakarren (Senegal) 2.500 tona kakahuete eta haragi kargatu eta Fecampera (Frantzia) garraiatzeko agindua zeukan zamaontziak. 1918ko uztailean, artean, amaitu gabe zegoen Lehen Mundu Gerra eta fronteko soldaduentzat ziren Lyndiane-k zeramatzan haragia eta kakahueteak (olioa egiteko). Eskifaian, 44 lagun, gehienak senegaldarrak, Jean Edmond Laborie komandantearen eta Yves Marie Le Cain kapitainaren agindupean. Tartean bazen, baita ere, bidaiariren bat.

UB-103 itsaspekoa. (Artxiboa)

UB-103 itsaspekoa. (Artxiboa)

Uztailaren 16an iritsi ziren euskal kostaldera, aparteko arazorik gabe. Itsasoa lasai zegoen eta gaueko 22:00 alderako gehienak atseden hartzen ari ziren. Zumaia parean zeuden, zortzi bat itsas miliatara, eztanda handi batek itsasontzia astindu zuenean. Raoul Olliet marinelak gero lehorrean kontatu zuenez, hasieran pentsatu zuten makina gelan gertatu zela leherketa, baina segituan ohartu ziren eraso bat izan zela. Alemaniako itsas armadako UB-103 itsaspekoak jaurtitako torpedoak zulo handi bat ireki zuen kroskoaren popan. Ontziaren atzealdean eta aurrealdean defentsarako zeramatzaten kanoiekin erantzuten saiatu ziren, baina hondatu egin ziren biak. Eta konturatzerako, alemaniarren bigarren torpedoa, kroskoaren erdi-erdian. Ontzia bitan egin zen. Nola edo hala, ihes egiten ahalegindu ziren artean bizirik zeuden marinelak.

Frantziako enbaxadak itsas armadari bidalitako sekretupeko telegrama batean daude jasota Raoul Ollieten eta bizirik atera ziren beste bi marinelen kontakizunak, detailez beteak. Ollietek azaldutakoaren arabera, larrialditarako zeuzkaten hiru ontzi txikitan saiatu ziren ihes egiten, baina Alemaniako itsaspekoak ez zien aukerarik eman. Beste bospasei kanoikada jaurtitzeaz gain, itsaspekoa bera erabili zuten iheslarien gainera joan eta ontziak erabat txikitzeko. Ez omen zuten bakerik izan denak hilda zeudela uste izan zuten arte.

Batzuk, baina, bizirik atera ziren. Ikertzaileek bildutako datuen arabera, bederatzi lagun. Hala ere, erreskatea ez zen berehalakoa izan, eta gaua itsasoan egin behar izan zuten, ohol edo ontzi zatiren bati lotuta, biharamunean haien bila atera ziren arte. Kronikek jasotzen dutenez, Zumaiako talaiari Antonio Urbieta Etxabek ohol eta hondakin orban handi bat ikusi zuen itsasoan, eta ohartu zen pare bat lagun zeudela tartean, besoekin laguntza keinuak egiten. Abisua eman eta Zumaiatik abiatu ziren zenbait ontzi, erreskatera. Senegalgo bi marinel ekarri zituzten bizirik lehorrera, eta beste bost lagunen gorpuak. Bi senegaldarrak Arritokieta kalean zegoen ospitalera eraman zituzten; haiek izango ziren umetan Maria Teresa Nolaskoainek bere bizitzan ikusi zituen lehen bi beltzak. Berdin gertatu zitzaion Jose Manuel Linazasoro Txulofronton-i, koaderno batean idatzita utzi zuenez (Imanol Azkueren Jose Manuelen ibilerak liburuan jasotzen da horren berri).

Zumaiara ekarri zituzten bost hildako haien artean zegoen Jean Edmond Laborie komandantea. Zumaiako hilerrian ehortzi zuten, eta han egon zen hilotza, handik urte batzuetara emazteak jaso eta Frantziara eraman zuen arte. Gainerako lau hildakoen berririk ez dago. Parrokiako erregistroan ere ez. Azalpena segituan eman diote ikertzaileek: senegaldarrak ziren, ez ziren kristauak. Zumaiako hilerriko hobi komunean emango zieten lur.

Nazkatzeko lain kakahuete

Egun haietan arreta handiz jarraitu zuen gertaera La Voz de Guipuzcoa egunkariak. Azaltzen du nola joan ziren pixkanaka bizirik zeudenak erreskatatzen eta hildakoak jasotzen; eta kontatzen du, baita ere, kakahuetez josita azaldu zirela Gipuzkoako kostaldeko bazterrak. Imanol Azkuek horrela kontatzen du liburuan Jose Manuel Linazasororen kontakizunean oinarrituta: “Askok hartu eta etxera eraman zituzten; lehortzeko, lurrean zabaldu eta gero txigortu egin zituzten. Nazkatu arte jan zuten kakahuetea”. “Así como nosotros hizo todo el pueblo, en mi vida he comido tanto cacahuete”, idatzi zuen Linazasorok bere koadernoan.

Paul Hundius, itsaspeko kapitaina

Erasotzaileei buruzko informazioa falta zitzaien iketzaileei historia biribiltzeko, baina aurkitu zuten hura ere. Lehen Mundu Gerran arma eraginkorrak ziren itsaspekoak, artean ez baitzegoen haiek antzemateko tresnarik. Itsasbideetan murgiltzen ziren, zamaontziak hondoratuz etsaiari lehengaiak eskuratzea oztopatzeko. Zeregin horietan zebilen UB-103 itsaspekoa 1918ko uztailean Kantauri itsasoan. 1917an hartu zuen UB-103aren gidaritza Paul Hundius kapitainak, eta urtebetean 70 itsasontzi hondoratu zituen –bakarra gerraontzia–.

1918ko uztailaren 16an Zumaia parean Lyndiane suntsitu eta handik gutxira, abuztuaren 14an, UB-103 itsaspekoa Flandriako uretan hondoratu zen betirako, ustez, Alemaniako itsas armadak berak jarritako mina batekin istripua izan eta gero. Han hil ziren Paul Hundius kapitaina eta eskifaia; han bukatu zen 1918ko uztailaren 16an Zumaia parean hasi zen gerrako historia harrigarria.