Berritutako zazpi ontzi jendaurrean erakutsi ditu Beduola elkarteak

Baleike 2018ko uzt. 15a, 20:30

Beduola ontzi tradizionalen elkarteak Karmen bezperarako antolatutako ekitaldiaren barruan, berreskuratutako ontzien erakustaldia egin du gaur Arranpla parean.

Arratsalde osoan zehar karpa jarri dute, beren materiala saldu eta elkartearen inguruko informazioa herritarrei helarazteko. 17:00etan hasi dira berritutako ontziak heltzen, bakoitzaren ezaugarrien eta historiaren berri eman duten bitartean.

Zazpi ontzi erakutsi dituzte errioan; besteak beste, 1949an Emilio Irigoienek Getarian eraikitako 'Ramuntxo' ontzia. 'Magallanes' ontzia ere atera dute, garai batean 4.000 pezta balio zuena eta Xurdok Beduolari oparitutakoa. Oriotik berreskuratutako 'Ilunabar' ere bertan izan da, baita Lekeitiotik ekarritako 'Urr' alturako ontzia ere. 4,2 metroko luzera duen egurrezko 'Juan Luis' ontzia ekainean uretaratu zuten Beduolak berreskuratu ondoren, eta azken konponketak eginda, errio inguruan ibili dute paseoan. Motordun ontziak ere izan dira: 1965ean eraikitako 'Mammy', eta 1928ko 'Mowgly'. Ontziak bertatik bertara ikusteaz gain, horietan paseatzeko aukera eman diete herritarrei.

Lokalean dituzten ontzien berri ere eman du Beduolak. Beste zazpi ontzi dituzte, konponketak egin eta uretaratzeko zain.