Ibilaldia antolatu dute itsaslabarrean zehar, Elorrixatik Sakonetara, igandean

Itziarko Auzo Udala 2018ko uzt. 13a, 09:34

Marearteko labar ekosistema aberatsa hobeto ezagutzea da helburua.

Joan den urtean egin bezala, ibilaldia antolatu du iganderako Itziarko Auzo Udalak, udaberri-udako kultur egitarauaren barnean. Itsasbeheraren ordutegia kontutan hartuta, goizeko 9:30ean jarri da hitzordua Elorrixan. Aurretik, oinez abiatu nahi duenak 08:00etan izango du abiapuntua Itziarko plazatik. Elorrixako itsas senaiara jaitsi eta handik itsalabarreko haitzetan zehar Sakonetaraino egingo da zeharkaldia. Sakonetan 11:30ean da hitzordua, zuzenean bertaratu nahi duenarentzat, bereziki umeentzat.

Marearteko labar ekosistema aberatsa ezagutzeko aukera eskainiko da. Itsas izar, olagarro, itsas erbi, arrain eta abar aurkituko ditugu bertan, kolore zein forma anitzeko bizitza begien aurrean. Hegazti zein landareetaz ere gozatzeko aukera izango dugu, bazter hauek ondo ezagutzen duen Aitor Leiza naturzalearen gidaritzapean.

Zortzi urtekoa da ibilaldi honetan parte hartzeko gutxieneko adina, hamalau urte artekoek guraso edo helduen babesa beharko dute. Ondoren, Errotaberri jatetxean bazkaltzeko plana, nahi duenarentzat. Izena aurrez ematea aholkatzen da, honako telefono zenbakian: 643379436 (Inaxio)