San Juan egoitza eraberritzeko 1,7 milioi euroko inbertsioa egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Baleike 2018ko uzt. 12a, 12:32
Oier Korta alkatea, Markel Olano ahaldun nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua, udaletxearen kanpokaldean. (Argazkia: Maria Maya Manterola)

Lanak 2020rako amaitzea aurreikusi dute. Indarrean dagoen araudira egokitzeaz gain, espazio berriak sortu nahi dituzte egoiliarrentzat. 

1.750.000 milioi euroko inbertsioa egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak Zumaiako San Juan egoitza eraberritzeko. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Oier Korta alkateak hala iragarri dute gaur Zumaiara egindako erakunde bisitan. Beraiekin izan dira Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua. 

Diputatu nagusiak adierazitakoaren arabera, zentroa indarrean dagoen araudira egokitzea da asmoa. Bestetik, egoiliarren bizi kalitatea bermatzeko espazio eta gune berriak sortu nahi dituzte solairu bakoitzean. Hirugarrenik, zentroaren sarrera berritu eta bakar bat jarriko dute. 

Obren lizitazioa eta exekuzioa 2019 eta 2020 urteetan egitea aurreikusi dute, eta 2020ko udarako bukatzea espero dute. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kabia Organismo autonomoaren parte da gaur egun San Juan egoitza. Azkoitia, Elgoibar, Villabona, Lasarte, Andoain eta Bergarako udal egoitzak ere txertatu dituzte, eta beste hainbat integratzea aurreikusi dute datozen urteetan. 

Gipuzkoan 80 urtetik gorako 50.000 biztanle daudela ekarri du gogora Olanok. Haren hitzetan, 2031 urterako 68.000 izango dira; hau da, gaur baino %36 gehiago. Datu horiek kontuan izanik, ibilbide orri bat prestatu du aldundiak zahartearen erronkari aurre egiteko. Zahartze aktiboa lortzeko eta mendekotasunaren arretak benetan balioa izateko, prebentzio ikuspegia duten neurriak hartzea lehenetsi du Olanok. 

Erakunde bisita
Zumaiara bisita egin du gaur Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Oier Korta alkatearekin batu da, Zumaiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak dituzten erronken inguruan aritzeko. Besteak beste, gizarte politikak, natura eta ingurumena eta ekonomia izan dituzte hizketagai, eta elkarlana zertan bultzatu dezaketen aztertu dute. Olanoren hitzetan, "helburu antzekoak" dituzte bi instituzioek. 

Algorri ingurua bisitatuko dute arratsaldean, bidearen zati batzuen erosioa ekiditeko egokitzapen lanak zertan diren ikusteko. Bestetik, UNESCOko ikuskariekin hitz egiteko aukera ere izango dute, Geoparkearen erronken inguruan aritzeko.

Ondoren, San Juan egoitzaren inguruan hitz egingo dute alkateak eta ahaldun nagusiak, egokitzapenak nondik nora joango diren eta zein dimentsio hartuko duten ikusteko.

Amaitzeko, Astilleros Balenciagan izango dira bertako langile eta ordezkariekin. Kortaren hitzetan, mundu mailan aitzindaria den ontzia ikusi ahal izango dute bertan, izokinaren manipulazio osoa bertan egitea posible izango dena, akuikultura eta transformazioa bultzatuz.