Gutuna alkateari: Alondegiko ikasgelaren ordutegiaz

IƱigo Garaizabal eta beste hiru lagun 2018ko uzt. 11a, 10:49
Alondegiko ganbaran dago ikasgela.

Alondegiko ikasgelaren ordutegia dela eta, gutun hau idatzi dute Ignacio Amundarainek, Itziar Fernandez de Arroiabek, Paulo Gontanek eta Iñigo Garaizabalek.

Alkate agurgarria,

Lerro hauen bitartez eskakizun bat burutuko nahiko genuke, zehazki, Alondegiko ikasgelaren malgutasun eta irekiera orduen iraupena luzatzea. Hitzetan gal ez gaitezen, gure eskaera ez dago “liburutegira” ( liburu, CD, bideo... mailegua eta ordenagailuen erabilpena egiten den eremua) zuzendua, honek burutzen duen funtziorako orain daukan ordutegia egokia dela pentsatzen baitugu ( lanegunetan 9:30- 13:30; 16:00-20:00; Larunbata 9:30- 13:30).

Aldiz, “ikasgela”- ren  ( gaur egun Alondegiko 4. pisuan kokatua dagoena eta izenak ondo adierazten duen xedea  betetzeko zuzendua dagoena) ordutegia liburutegiaren berdina izateak, herritarron eta ikasleon beharrak asetzen ez dituela iruditzen zaigu. Egia esan, urtean zenbait hilabetez( abendu- urtarrila eta maiatza- ekaina; azterketa garaian, hain zuzen ) eguardian ez dela ixten. Kontuan hartuta 4. pisuak inolako ikuskapen jarraiturik eskatzen ez duela, asko eskatzea al litzateke ordutegi jarraia urte osoan mantentzea (irekiera ordua 8rak aldera aurreratuz) eta asteburuetan( ez soilik larunbat goizez) ere erabilpena emateko aukera izatea?

Esan beharra dago, gaur egun Alondegiak eskaintzen duen ikasketa eremua egokia dela, beraz, zergatik ez  dugu aprobetxatzen? Urte osoan zehar adin ezberdineko eta ikasketa anitzetako ikasleak (DBH, Batxilergoa, Erdi/goi maila, Unibertsitate, Master/ Doktoretza, oposaketa, atzerriko hizkuntza, langileak, kurtsoak...) elkartu ohi dira bertan. Bakoitzaren ebaluazio/ azterketa egutegia nahiz ordutegiak zeharo ezberdinak izanik, ikasgelaren ordutegia zabaltzeak eta zerbitzuaren eskaintza handitzeak herritar gehiagoren beharretara egokitzea ekarriko luke.

Azken urteotako bilakaera eta ikasleon kopurua nahiz ikasketen garrantziak nabarmen gora egin duela ikusita, Zumaiako herriak ere egoera berrietara moldatu behar duela iruditzen zaigu. Badakigu hemen inguruko zenbait herrietako ikasgelen ordutegiak ere ez direla katxaperoak botatzeko modukoak, baina Gipuzkoa bertan ere badira eskaintza zabalagoa duten herriak; urrutira joan gabe, Azpeitia (gure eskualde berean) eta Eibar besteak beste.

Gure eskakizuna kontuan hartuko  duzulakoan,

Mila esker.

Ignacio Amundarain, Itziar Fernandez de Arroiabe, Paulo Gontan eta Iñigo Garaizabal.