Taosa igeriketa taldean izena emateko epea zabaldu dute

Baleike 2018ko uzt. 9a, 09:57

2018-2019 denboraldirako igeriketa taldean izena emateko epea zabaldu dute. Hilaren 22ra arte eman daiteke, Lubaki kiroldegian. 

2018-2019 denboraldian Taosa igeriketa taldean parte hartu nahi dutenek hilaren 22ra arte izango dute izena emateko aukera. Horretarako gutxieneko adina 8 urtekoa da, hau da, 2011n edo lehenago jaiotakoek eman dezakete izena. 

Taosako kideak ez direnak Lubakira jo beharko dute, bertan Taosaren izen emate orria betetzeko. Gaur egun igeriketa taldeko kide direnek, aldiz, klubari jakinarazi besterik ez dute egin beharko. 

Zumaian igerian ikasteko kiroldegiko ikastaroak eta Taosa igeri kluba daudenez, bien artean lehian ez ibiltzeko eta ikasketa prozesuak jarraipen bat izan dezan, kiroldegiko aingira mailatik gorako maila duten haurrek eman ahal izango dute izena Taosan. Maila hori gainditzeko, krol estiloan 50 metro egiteko gaitasuna izatea, 25 metroan bizkar eta bular estiloa teknika egokiarekin egiteko gai izatea, 25 metroan bular estiloko hankak egoki egitea, krol estiloan besoak, arnasketa eta hankak koordinatzea eta tranpolinetik buruz salto egiteko gai izatea hartzen dira kontuan. 

Maila hori ez duten 12 urtetik beherako haurrek lortu egin beharko dute Taosara pasatu ahal izateko. 12 urtetik gorako haurrek, aldiz, Taosan sartu ahal izango dute maila hori izan gabe ere.