Zumaiak ezin izan ditu lanak borobildu Herriarteko Txapelketako finalean

Baleike 2018ko uzt. 8a, 17:56

Ostiralean Markina Xemeinen jokatu ziren joaneko partidetan 2-1eko aldeko emaitza lortu zuen Zumaiak,  baina gaur goizean Aitzurin bizkaitarrak hobeak izan dira, eta txapela lortu dute hiru partidak irabazita.

Itxaropena bazuten zumaiarrek, Markinatik aldeko emaitza ekarri eta gero, baina gaur ez dute egunik onena izan eta ezinezkoa izan zaie txapela lortzea.

Kadete mailako partidan hasi dira gauzak okertzen. Egañak eta Aizpuruak 18-30 galdu dute Arakistain eta Mugartegiren aurka. Partida orekatu samar joan da hasieran, baina lan erdieratik aurrera Markinako bikotea askoz seguruago aritu eta zumaiarrei joan egin zaie partida. Azpimarratzekoa da Markinako Arakistain eta Mugartegi infantil mailakoak direla, eta sekulako joko erakustaldia eman dutela gaur Zumaian.

Lehen partida galduta, gazte mailakoa irabazi beharra zuen Zumaiak. Agirrek eta Saezek jokatu dute Goitiandia eta Mandiolaren aurka. Final borrokatua izan da gazte mailakoa, hasieratik bukaerarako. Zumaiako bikotean Agirre aurrelariak meritu handiko tantoak egin ditu, baina Markinako bikotea oso sendo aritu da, akats oso gutxi eginez, eta joko guztia Saez atzelariarengan kargatu nahirik. 31na berdindu dute azken aldiz, eta orduan hautsi da partida Markinaren alde. 34-31 aurreratu dira, eta 35era iristen lehenak izan dira, 32-35.

Lehen bi partidak galduta eta tanto aldea kontuan hartuta, senior mailako norgehiagoka irabazi eta aurkariak 9 tanto baino gehiago ez egitea zen Zumaiaren aukera bakarra. Ezusteko ikaragarria izango litzateke, baina saiatu dira Uranga eta Segurola Urrolabeitia eta Elkorobarrutiaren aurka. Telmo Manterola Zumaiako aurrelaria min hartuta dagoenez, Urangak aurrelari jokatu behar izan du eta Segurolak hartu du atzealdeko ardura. Markina azkar iritsi da hamargarren tantora eta, horrenbestez, txapela ziurtatu du. Zumaiarrek, hala ere, ez dute amore eman, eta eutsi egin diote partidari. 17-18 ere gerturatu dira, baina Markina aurretik izan da partida 25-35 amaitu den arte.

Gauzak ez dira gaur espero bezala atera, etxean 0-3 galtzea kolpea izan da zumaiarrentzat, baina goraipatzekoa da egin duten denboraldia. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi dute Mutrikuren aurtka –aurreko bostak Mutrikuk irabazi zituen–, eta Euskal Herrikoa irabazteko aukerekin izan dira, azkenean ihes egin dien arren.