Martxan da udako herri autobus zerbitzua

Baleike 2018ko uzt. 7a, 13:36

Joan den igandean estreinatu zen herriko autobus zerbitzua. Azken urteetan uda partean egon izan den txu-txu trenaren ordez jarri du Udalak autobusa, autoa gutxiago erabili eta mugikortasun jasangarria sustatzeko. Udalak ekoiztutako bideo honetan dauzkazue zerbitzuaren eta ibilbidearen gaineko argibideak.

Udako autobusak 28 eserleku ditu eta, astelehenetik igandera, goizeko 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era eskaintzen du zerbitzua herri barruan. Horrez gain, goiz, eguerdi, arratsalde eta iluntzeko lehen eta azken zerbitzuetan auzoetaraino ere luzatzen du ibilbidea. 

Autobusa non dagoen uneoro jakiteko aukera eskaintzen du zerbitzuak. Geltoki guztietan dagoen QR kodearen bitartez edo www.autobusa.zumaia.eus webgunean kontsulta eginez, erabiltzaileek autobusaren ibilbidea jarraitu ahal izango dute zuzenean. 

Tiketak eskuratzeko ere erraztasun handia izango dute erabiltzaileek. Herriko hainbat eta hainbat taberna eta dendetan izango dira salgai (0,5 euro). Salmenta modu horrekin, Udalak bultzada eman nahi izan die herriko merkataritza eta ostalaritzari.  

Hauek dira, herrian tiketak saltzen dituzten denda eta tabernak: Alekar gasolindegia, Arruti jantzi denda, A3 Kopia eta diseinu zerbitzuak, BIB etxeko oihal eta zapiak, Coro Prieto edergintza zentroa, GEE jantzi denda, Gure Txokoa taberna, Idoia ardotegia, Jesuskoa landetxea, Lopez izozkiak (hondartzan eta beheko plazan), Maiaur goxokiak, Marina pizzeria, Marisa oinetakoak, Narrondo taberna, Odriozola ardoak, Otezuri taberna, Rakel estetika, Santa Klara nekazaletxea, Sorginak oinetakoak (Erribera kalean eta Aita Marin), turismo bulegoa eta Ukendu parabotika.