Pauso handia egin du Zumaiak Herriarteko Txapelketako finalean

Baleike 2018ko uzt. 6a, 22:21
Zumaiako puntistak, aurreko partida batean.

Zumaiak 2-1 irabazi du Markina Xemeinen Euskal Herriko herriarteko zesta punta txapelketako finalaren joanekoan. Igandean jokatuko dira itzuliko partidak Zumaian, goizeko 10:30ean. 

Gipuzkoako Txapelketa irabazi ondoren, Euskal Herriko txapela dute jokoan egun hauetan Zumaiako puntistek. Gaur jokatu dituzte finaleko joaneko partidak Markina Xemeinen, eta emaitza ona lortu dute igandean txapela irabazteko. Kadete mailan 27-30 irabazi dute, jubeniletan 32-35, eta nagusien partidan 35-19 galdu dute. Horrenbestez, 2-1 aurreratu dira finalean.

Igandean goizeko 10:30ean hasita jokatuko dira azken hiru partidak, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Txapela erabakitzeko, irabazitako partidak hartuko dira kontuan, eta berdinketa baldin badago, tantoen aldea. Egia da tantoen aldean Markinak duela abantaila (+10), baina zumaiarrek badute konfiantza igandean berriro gutxienez bi partida irabazteko. Harmailetatik bultzada jasotzen badute errazago izango da.