250 etxebizitza eraikiko dituzte Torreagan, 50 babes ofizialekoak eta beste 50 tasatuak

Baleike 2018ko uzt. 6a, 14:31

Estazioko auzoan, Torreaga fundizio zaharrak utzitako lursailean, 250 etxebizitza berri eraikiko dituzte Torreagaberri izeneko plangintzan. Etxebizitza hauetatik 50 babes ofizialekoak izango dira eta beste 50 tasatuak. Proposamena uztaileko plenora eramango du udal gobernuak. Behin behineko onarpena jaso ondoren, lanak 28 hilabetera hasiko direla aurreikusten da.

Etxebizitza plangintza hau egiteko lortutako hitzarmenaren berri eman dute gaur goizean Oier Korta alkateak eta Mari Kruz Alvarez ogasun zinegotziak. Sukia eraikuntza enpresak gauzatuko duen Torreagaberri izeneko plangintza honen arabera, 250 etxebizitza egingo dira fundizio zaharrak Estazioko auzoan utzitako lursailean. Bost bloketan banatuko da eta 50 etxebizitzako bloke bana babestutako eta tasatutako etxebizitzetara bideratuko da. 

Pozik agertu dira udal ordezkariak hitzarmenarekin. Lan asko eskatu duela ere adierazi dute. Izan ere, eremu horrekin lotuta azken 12 urtetan sinatzen den hirugarren hitzarmena da gaur aurkeztu dutena.

Aurrekariak

Lehen hitzarmena 2006. urtean sinatu zuten Altuna y Uria enpresak eta Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ-PNV) alkate zuen Zumaiako Udalak. Lehen hitzarmen honek bazuen helburu bat eta zen Torreaga fundizioa herritik ateratzea eta Arroa Behean faktoria berria egitea. Horretarako, hitzarmen honen bidez, eraikuntza balioa eman zioten lursailari. Fundizioaren jarduera lekualdatu zenean ABEE bat osatu zuten Altuna y Uriak eta Construcciones Galdianok etxebizitza hauek egiteko.

Legedia jarraituz, Torreagako etxebizitzen %20 babes ofizialeko etxebizitzak izan behar zuten. Baina, horiek bertan egin beharrean, Zumaia Lantzenek Puntanuetan zuen eremu batean egingo ziren. Zumaia Lantzen Zumaiako Udalak hirigintza lanetarako zuen elkartea zen. Akordioaren arabera 200 etxebizitza libre inguru egingo ziren Torreagan eta babestutako beste 40ak Puntanuetan. Hitzarmena ezin izan zen gauzatu 2008ko krisialdia dela medio.

2011n, Iñaki Agirrezabalaga (Bildu) alkate zela, hitzarmena birnegoziatu zuten Udalak eta enpresa eraikitzaileek. Enpresa hauek Udalari eman beharreko dirua ordaindu ezin zutenez, ordainetan eraikitzekoak ziren etxebizitza libreetatik kopuru bat emango zioten Udalari. Krisialdiaren une gordinena zen hura eta mota honetako etxebizitzen eskaerarik ez zegoen herrian. Ondorioz, akordioa eta etxebizitzen eraikuntza bertan behera geratu zen. Enpresen ABEE berak ere porrot egin zuen. Torreagako lursaila Laboral Kutxaren Igsa elkartearen esku geratu zen. 

Hitzarmen berria

Torreagaberri akordioan jasotakoaren arabera, 250 etxebizitza eraikiko dira Torreagan. Torreagako etxebizitza horiek ez dira, lehen bezala, guztiak libreak izango. 50 tasatuak eta beste 50 babestuak izango dira. Etxebizitza libre bezala, 150 eraikiko dira. Horrez gain, 1500m2ko lokal bat ere eskuratuko du Udalak bertan, ibai ondoan, itsas kirol elkarteei zuzentzea aurreikusi duena.

Hasiera hartako diseinua ere aldatu dute eta L formako eraikin handi bat izatetik, plangintzan bost bloke jasotzen dira, bakoitza 50 etxebizitzakoa. Plaza baten ordez, tartean etorbide bat izango lukete. Horrez gain, ibaira emango duen bloke baten azpian egingo den 1.500 m2ko lokal bat ere Udalaren esku geratuko da. Lokal hau ibaiarekin lotutako jardueretara bideratzea egoki ikusten du alkateak.

Egutegiari dagokionez, eta aurreikuspenak betetzen badira, lanek 2020ko amaieran edo 2021eko hasieran izango dute hasiera. Aurkezpenean adierazi dutenez, egiten lehenak etxezibitza babestuen blokeak izango dira.