baleike.eus

Keretxudi baratze parkeko lursailetan izena emateko epea asteartean zabalduko da

Baleike 2018-07-06 13:40   Gizartea

Lursailak prest eta jada baratzeen ordenantzari helegiteak aurkeztekp epea amaituta, asteartean zabalduko da Keretxudiko Baratze Parkeko lursailetan izena emateko epea.

70m2ko 50 lursailez osatutako baratze parkea izango da eta Kutxa Ekoguneak sustatutako Baratze Parke Sareko Gipuzkoako 20. Baratze Parkea izango da.

Asteartetik aurrera interesdunek 10 eguneko epea izango dute lursailen eskaera Udal erregistroan egiteko. Telematikoki egiteko aukera ere izango dute. Horretarako ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:  

  • Udalerrian erroldatuta egotea
  • Fisikoki gai izatea baratzean garatuko diren nekazaritza eta laborantza jarduerak egiteko
  • Zumaiako Udalaren zerga-betebehar guztiak eta gainerako ordainketa guztiak egunean izatea
  • Beste baratze baten erabiltzailea den familia-unitateko kidea ez izatea
  • Eskatzaileak edo bere familia-unitateko kideren batek ez edukitzea ez jabetzan ez gozamen-eskubidean, edo alokairuan nekazaritza-jarduerarako egokia den lursailik, edozein tokitan dagoela ere.

Udaletik aditzera eman dutenez ezinbestekoa izango da baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak edo zinpeko aitorpena aurkeztea. Horrekin batera, inprimaki ofiziala eta NAN-aren kopia ere aurkeztu beharko dituzte.

Izen-emate epea amaitzean onartu eta baztertuen zerrendak publiko egingo dira eta eskariak baratzak baino gehiago balira, zozketa bidez banatuko dira baratzeak.

Kanona eta fidantza

Lursailaren erabilera eta udal-lizentzia urtebeteko epez emango da, eta epe hori gehienez lau urte arte luzatu ahal izango da.

Baratzearen laborantzagatik Udalak aplikatuko duen kanonari dagokionean, baratze bat urtebetez erabili ahal izateko hileko 10 euro ordaindu beharko dira, orotara, 120 euro. Fidantza, aldiz, udal-eremu publikoaren erabilera zuzena bermatzeko, 100 eurokoa izango da.  

Interes talde edota pertsonek (tokiko taldeak eta mugikortasun urriko pertsonak) ez dute kanona ez fidantza ordaindu beharrik.

Azkenik, erabiltzaileek Elkarte bat sortu beharko dute baratzeak kudeatzeko eta ordezkari bat izendatuko dute Kutxa Ekogunearekin eta Udaleko arduradunarekin harremanetan egoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa